Teknologia albisteak

Sakoneta (44): Talde antolatuak dauzkaten herri gehienetan deitu dituzte manifestazioak AHTren kontrakoek

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-02-02 : 17:02

uzt. 2 20:05

Talde antolatuak dauzkaten herri gehienetan deitu dituzte manifestazioak AHTren kontrakoek, baina jendetsu eta deigarrienetakoa Sasiondokoa: herri txikia izaki, ez dira asko manifestariekin bat egin duten herritarrak, baina mugimenduko kide asko hurbildu dira bertara, eta manifestazio horren irudi ugari hartu dute kameralari eta fotografoek, Sakonetara hurbiltzen utzi ez dietenez zerbait eskaini beharko baitute, gatazkaren gunetik bertatik ez bada, handik hurbil gutxienez.


Manifestazioa abiatu aurretik, AHTren kontrako taldeen bozeramaile batek hartu du hitza, protestan parte hartu dutenei zuzentzeko, berez, baina dozenaka mikrofono eta grabagailu ipini diotenez kokospean, baita hortik kanpo daudenei ere.

–Salatu nahi dugu AHTren erokeria, baliabide natural eta ekonomikoak xahutzeagatik, jendearen beharrizanetatik oso urruti dagoen proiektu batean. Baina, horrez gain, gaur salatu beharra daukagu Joxe Garmendia Marmitteren kontrako jazarpen bidegabea: bere etxean bizi, bere lurrean egon beste deliturik egin ez duen gizona, terrorista odolgose eta piztia arriskutsutzat aurkeztu digute estatuak eta haren morroi diren hedabideek. Oraintxe bertan inguraturik daukate Joxeren etxea, Sakoneta, eta edozein unetan gerta liteke eraso bortitz bat, guk hemendik arbuiatzen duguna. Salatu nahi dugu, halaber, Sasiondoren okupazio poliziala, baita naturaren militarizazioa ere. Begi aurrean daukagu era eta kolore guztietako polizien presentzia itogarria, jendearen etengabeko kontrol eta galdeketekin, eta are itogarriago bihurtzen da Sasiondo inguruko mendietan; egunean zehar, hamaika mendizale eta ekologistak ikusi dute, ikusi eta pairatu, nola debekatu zaien mendian ibiltze hutsa, ez-dakit-nongo segurtasun-arrazoiak direla medio. Hala ere, poliziaren, estatuaren eta AHTren atzean dauden interes kapitalisten nahia gizartea lokartzea eta anestesiatzea izan arren, ez dute lortuko. Jakinarazi behar dizuet, gaur arratsaldean bertan, AHTren kontrako solidario talde batek lortu duela poliziaren kontrolak gainditzea eta Sakoneta ondoraino iristea, AHTren obrak salatzeko eta Joxe Garmendiaren borrokarekiko elkartasuna adierazteko. Iritsi bakarrik ez, talde horrek erresistentzia-kanpamentu bat paratu du Sakoneta ondoan, eta poliziak hainbat ahalegin egin arren handik kanporatzeko, bertan jarraitzen dute eta bertan jarraituko. Gora Joxe Garmendia!

–Gora! –erantzun dute aho batez manifestariek.

–Behera AHT!

–Behera!

–Gora Sakoneta!

–Gora!


Erantzun

Sartu