Teknologia albisteak

Sakoneta (43): Ni ere, dibortziatu eta gero, nahiko jota geratu nintzen

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-02-01 : 17:02

uzt. 3 00:30

–Ni ere, dibortziatu eta gero, nahiko jota geratu nintzen. Indar guztiak harreman batean jartzen dituzu, baina beharbada ez zen hura pertsona egokia, edo besterik gabe okerra da pentsatzea pertsona bakar batek gure behar afektibo guztiak aseko dituenik gizaldi eta gizaldietan. Eta alderantziz beste horrenbeste, gu inoren behar afektibo guztiak asetzeko nahikoa eta sobera garela pentsatzea. Hura gaizki atera zen, eta ez dio inporta norena izan zen errua: zuk hau egin zenuen, nik hura esan nizun... betiko komeriak, alfer-alferrik izaten direnak. Kontuak kontu, ni porru eginda geratu nintzen. Alde batera esaten duzu: ze ondo, orain libre naiz nahi dudana egiteko, urtetan egin ez ditudanak egiteko. Baina berehala konturatzen zara libre bezain bakarrik zaudela, ez dakizula orduak nola bete, lagunak ez daudela zuk nahi duzunerako, edo ez daudela onda berean, edo ez zaretela zuk uste zenuen bezain lagunak. Azkenean, hutsune handi bat geratzen zaizu, eta hori nola bete asmatu behar duzu: harreman berriekin, ohitura berriekin, zaletasun berriekin.

Aurrera begira hitz egin du Anttonek, lotsa gainditu nahirik ari balitz bezala, bihotza husten, eta alde batetik hala da, baina batetik bakarrik, beste alde batera antzezpen ondo landua ari baitzaio Naiarari eskaintzen, ordu txikietako hamaika pubetan bera bezalako adin ertaineko andrazko banandu mordoxka batekin ensaiatua. Bere artean, beratze-fasea deitu ohi dio horri: gizon jator eta barren onekoaren itxurak egin, bihotz samur baina zigortua erakutsiz, emakumezkoaren enpatia pizteko edo. Enpatiak alde bikoa izan behar duenez, sekretuak askatzera gonbidatu ohi du aldian aldiko emakumea: “Eta zu?”.
Erregai alkoholiko txurrustada bat erabili ohi du Anttonek hurbiltzearen fase horretan, eta kasu honetan beldur izan da, pattarra eta zerbezak kanpadenda inguruan utziak dituztenez, hotz samar egongo ote den oraindik neska, baina ez: Naiarak ez du ez beratze ez horditze askorik behar bere barrenak hustu eta askatzeko.

–Ni tuntun bat izan naiz. Tuntun paela galanta. Urte mordoa ibili naiz mutil baten atzetik, alfer-alferrik.

–Igual mutilak ez daki atzetik zabiltzanik.

–Bai zera! Jakin gabe! Ez: kontua da, nik onartu nahi ez dudan arren, mutil horrek ez nauela maite, ez duela ezer nahi nirekin.

–Ba, onena lehenbailehen onartzea duzu, eta zeure bihotza harreman berrietara zabaltzea.

–Esatea erraza da, baina egitea gero..

–Egitea ere bai, zuk nahi izanez gero.

Erantzun

Sartu