Teknologia albisteak

Sakoneta (42): Sasiondon paratua daukaten agintegunean egin dute txanda-aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-31 : 17:01

uzt. 2 22:00

Sasiondon paratua daukaten agintegunean egin dute txanda-aldaketa.

–Bazen garaia –kexatu zaio Caparroso sarjentua etorri berriari–. Ia hamabi ordu daramatzat hemen, goizean bidali nautenetik.

–Badakizu, goikoek... –desenkusatu da Armentia, sarjentua ordezkatu eta operazioaren ardura hartzera datorrena.

–Baina hori ez da okerrena. Okerrena da txorimaloarena egiten eduki nautela egun osoan. Eskatu eta eskatu nabil, operazio berezietarako taldea bidali dezatela, terrorista hori bere zulotik ateratzeko, eta ezer ez.

–Departamentuan jakingo dute noiz den momentu egokia.

–Ados. Baina orduan esan diezadatela zeozer, kojonian. “Caparroso, zu egon hor eta ez kezkatu”. Baina ez. Tipoa xaxatzeko esaten didate; gu joaten gara hara, ez ekiporik ez materialik gabe, onez onean ateratzeko esaten diogu tipoari, eta berak zer egiten du?

–Deskojonatu.

–Okerrago: petardo bat botatzen digu. Bueno, momentuan lehergailu txiki bat zela pentsatu dugu, baina gero inguruak aztertu eta han ez zegoen ez bolborarik ez inongo eztandaren seinalerik. Hortaz, auskalo zer lehertu duen, baina gu behintzat akojonatu egin gara hotsarekin.

–Ulertzen dut, bai.

–Eta hori ez da dena. Jakingo duzu han ondoan akanpatuta ekologista batzuk daudela...

–Zerbait kontatu didate.

–AHTren kontrako zorrizto horiek, badakizu: ez dira arriskutsuak, baina azkura ematen dizute potroetan.

–Ezagutzen ditut, bai.

–Ba, aurrena, ea nola iritsi ziren potrozorri horiek hona, egundoko bronka. Mendi osoa kontrolatzerik izango bagenu bezala. Eta gero, berriz, botatzeko plana egina geneukanean, ezetz, uzteko bere horretan.

–Izango zituzten horretarako arrazoiak.

–Kazetariak. Ekologistekin batera hiru kazetari txatxu daudela zulo horretan, eta horietako bi, gainera, atzerritarrak. Amorrazioa ematen du: geure lana egin nahi eta ezin ezer egin.

–Kazetariek ere beren lana egingo dute.

–Joder, Armentia. Eskisitoa jarri al zara? Zuk ere ez zenuen ba eskrupulu askorik izan zereko hartan...

–Utzi ditzagun alde batera kontu zaharrak.

–Ados. Bueno ba. Datu guztiak badauzkazu, esplikazioak eta abarrak eman dizkizut, zerbaitetarako behar banauzu badakizu non topatu.

–Lo egin ezazu, gizona, premia ere izango duzu eta.

–Bai horixe. Eta zuk zer? Agindu zehatzak dituzu zer egin, ala ni bezala toreatzen edukiko zaituzte hemen?

Armentiak irribarre txiki bat utzi du erantzuntzat, Caparroso agurtzearekin batera.

Erantzun

Sartu