Teknologia albisteak

Sakoneta (40): "Esnatu!"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-29 : 10:01

uzt. 3 04:00

–Esnatu!

–Zer?

–Esnatzeko!

–E?

Markel dendaz denda joan da, bere lagunak iratzarriz. Batzuk ikaratu egin dira, ertzainak zirelakoan. Besteren batek ametsetan jarraitzen du, bera esnatzera datorren presentzia hori bere ametsetako istorioan integratuz. Haserretu denik ere izan da.

–Baina zer ordu da?

–Laurak.

–Laurak? Hoa porkulo hartzera.

Markel ez da protestekin kikildu, ez lotiekin errukitu. Denak esnatu ditu, banan-banan, eta Naiararen dendan sarrarazi ditu.

–Hemen ez garela denak kabitzen!

–Ixo! Ostia! –ahopean baina zorrotz.

Denak esna, dendan sarturik eta isilik eduki arteko onik ez du izan, eta orduan azaldu die bere jokabidearen zergatia.

–Sakonetan sartu behar dugu.

–Zer? / Nola? / E?

–Inguruan bueltaka ibili naiz azken ordu eta erdian, txokoz txoko miatzen, eta badago sartzeko modu bat.

Lehengo galderak errepikatu dira, baina Markelek ez du azalpenetan nekatu nahi, nonbait.

–Jantzi arroparen bat eta goazen barrura. Ez daukagu denborarik galtzeko.

–Baina hor barruan ez dakigu zer topatuko dugun –esan du Anttonek–. Edo zer gertatuko zaigun gero.

–Nahi baduzu gelditu zaitez kanpoan. Lehen ere esan dizugu. Zipaioei abisatzen ez diezun bitartean.

–Ez, ez. Zuekin noa.

–Ni ere bai –erantsi du Martinak, kontua argitu diotenean.

–Eta zu? –galdetu dio batek Andréri.

–Lehen ere esan du honek, gurekin dagoela –erantzun du Uxunek.

Markelen aginduei jarraiki, bakoitzak arropa apur bat eta poltsa bana hartu eta, ilunpean haztaka, belztasunean murgildu dira.

–Eta dendak hemen utzi behar ditugu? –Naiarak.

–Zipaioak zenbat eta beranduago jabetu, hobe.

Helbururantz hurbildu ahala, aurrena doan Markel apurka gauzak kontatzen hasi zaio atzekoari, honek gauza bera egin du ondokoarekin, eta horrela joan da informazioa zabaltzen: ertzainek baserriaren inguruan antolatua duten barrandan badaude ondo zaindu gabeko tarte batzuk, eta horietako batean, hain zuzen, guztiz itxi gabeko leiho bat, lehenengo pisuan.

–Hortik sartuko gara –iragarri die Markelek.

–Eta eskailera?

–Caparrosori eskatuko diogu, nahi baduzu. Benga, goazen.

Eta abenturaren barrenean sartu dira, batzuk gogotsu, besteak dardaraz.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago