Teknologia albisteak

Sakoneta (38): Bat-batekoa izan da zabalkundea

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-26 : 17:01

uzt. 2 20:30

Bat-batekoa izan da zabalkundea. Ekologisten kanpalekua ertzainez inguraturik geratu da: beren kontrako erasoa dela pentsatu dute, eta kateekin arboletan lotzeko astirik ezean, kanpadenda barruan sartu dira, beren arantzetan biltzen den trikuaren gisan, gauzak horren erraz ez uzteko behinik.

Ez datoz haiengana ordea: kanpadenden inguruan gelditu dira zenbait ertzain, inori ez sartzen ez ateratzen ez uzteko ordena balute bezala, eta tropa zabala, bitartean, Sakonetara bidean.

Kanpadenden barruan, bata bestearen gainean pilatuta, ateko zirrikitutik ikusi dute nola inguratu duten Sakoneta, metrailetak, kaskoak, ezkutuak eta gainerako materiala eskuetan; terroristaz eta armaz betetako etxe bat hartzeko baino prestatuago dirudite manifestazio bat borra-ukaldika sakabanatzeko.

Hedapena gauzatu eta handik gutxira, Caparroso sarjentua hurbildu da, bozgorailu bat eskuan.

–Garmendia, inguratua zaude. Hobe duzu onez onean ateratzea, bestela geuk atera beharko zaitugu, eta hori okerragoa izan liteke.

–Hori da hori estilo txuskeroa –komentatu du Anttonek kanpadenda barrutik.

–Pelikula amerikar batean dagoela usteko du horrek.

–Zer ikusi, hura ikasi.

Isilune baten ondoren, indar berriz ekin dio sarjentuak.

–Alferrik ari zara, Garmendia. Jan-edana nahikoa izanda ere, nahi dugunean argia eta ura moztuko dizkizugu, eta zer egingo duzu orduan?

Burua kanpadendaren zirrikitutik atera eta oihuka ekin dio Markelek.

–Marmitte, eutsi borrokari!

Eta oihu bera errepikatu dute denek puska batean: “Marmitte, eutsi borrokari!”, denda barruko burrundara gogaikarria egin zaien arte.

–Hiru txorok beste inork ez zaitu apoiatzen. Hobe duzu orain ateratzea. Zer uste duzu lortuko duzula?

–Ez, ez, ez, AHTrik ez! –oihukatu dute orain kanpadendetatik.

–Ezker abertzaleak berak ere bizkarra eman dizu –Caparrosok.

–Marmitte, herria zurekin! Marmitte, herria zurekin!

–Alferrik zabiltza. Zure borroka horrek ez dauka zentzurik ez etorkizunik.

–Txikitzaileak, txikitu! Txikitzaileak, txikitu!

–Guk nahi dugunean sartuko gara horra. Baditugu horretarako bitartekoak, zaude ziur.

Eta denak ekologisten oihu baten zain daudela, bat-batean “pun!”, eztanda moduko bat entzun da, eta ertzain guztiak abiatu dira korrika bizian, arbolen edo sasien atzean babestera.

–Zer izan da hori? Bonba bat? Tiro bat? Petardo bat?

Eta Caparroso bera ere, lau ertzainez inguraturik eta bozgorailua kaskotzat harturik erretiratu da, etorritako bidetik.

Erantzun

Sartu