Teknologia albisteak

Sakoneta (35): Arboletara katez loturik egon dira Markel, Ainhoa, Julian eta Uxune, ertzainak etortzen zirenerako gauzak apur bat zailtzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-23 : 10:01

uzt. 2 19:55

Arboletara katez loturik egon dira Markel, Ainhoa, Julian eta Uxune, ertzainak etortzen zirenerako gauzak apur bat zailtzeko, baina badirudi ez datozela, edo oraingoz behintzat ez dutela beteko epe eta guzti jarritako mehatxua. Hortaz, gordeta zeuzkaten giltzekin giltzarrapoak askatu eta asanblada egin behar dutela azaldu du Markelek.


–Edozein momentutan etor litezke gu botatzera eta prest egon behar dugu. Baina bitartean ezin gara egonean egon, ikusle hutsak bagina bezala. Zer egin aztertu behar dugu, eta bi norabidetan gainera. Batetik, kanpoari begira; hemen gaudenak gaude, badakigu beste batzuk bidean atzeman eta kanpora bota dituztela, baina badakigu hainbat lagun daudela beren solidaritatea agertu nahi dutenak. Gure eginkizuna da, besteak beste, elkartasun hori aktibatzea eta protesta-ekintzak sustatzea. Bestetik, berriz, Sakonetako erresistentzia-gunea nola lagundu aztertu behar dugu. Garbi dago, lehentxeago edo geroxeago, zipaioak Marmitte kanporatzen saiatuko direla, bera ateratzen ez bada bere kasa. Zer egin dezakegu guk, kontuan hartuta bederatzi lagun garela?

–Bederatzi ez: sei. Beste hirurak kazetariak dira.

Julianek egin du zehaztapena, eta eztabaida garratz batean sartu dira une horretatik aurrera: batzuek diote kazetariek joan egin behar luketela handik, ez dutelako zerikusirik beren mugimenduarekin eta erresistentzia-gunearekin; beste batzuek erantzun kazetarien presentzia ondo datorkiela, beren borrokaren bozeramaile izan daitezen, eta gainera, kazetariak beren artean izan ez balira, horrezkero zipaioek kanporatuak izango zituztela; hurrengo batek, kazetarien presentziak bere onurak izan ditzakeela onartuta ere, ez luketela beraiekin guztiz nahastu behar, asanbladetan adibidez.

–Ze, argi dago: haiek helburu batzuk dituzte, eta guk beste batzuk –esan du Naiarak.

–Baina haiek ere arrisku batzuk hartu dituzte hona etortzean –bota du Markelek.

–Baina segun zer ekintza erabakitzen dugun, beharbada ez dute arrisku hori beren gain hartu nahiko.

Eztabaida gehienbat euskaraz egin denez, Antton ari zaie, ahopean, Martina eta Andréri gutxi gorabeherako itzulpena egiten. Halako batean Andrék besoa altxatu du.

–Hitz egin dezaket? –galdetu du, eta denen onespen mutuaren ondotik jarraitu du–: Baimena ematen badidazue, oraintxe bertan kamera utzi eta zuen arteko bat izatera pasatzen naiz.


Erantzun

Sartu