Teknologia albisteak

Sakoneta (33): Hilario agurtuta, haren argibideei jarraituz hartu dute Sakonetarako bidea Anttonek eta Andrék

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-21 : 17:01

uzt. 2 17:25

Hilario agurtuta, haren argibideei jarraituz hartu dute Sakonetarako bidea Anttonek eta Andrék.

–Kotxe dotoreegia daukak hik bide horietan ibiltzeko –abisatu dio lehengusu mutilzaharrak.

Laster ikusi dute ohar horren egia, porlanezko pista amaitu eta aziendentzako bidexendra hasi denean.

–Hobe izango dugu oinez segi –esan du Anttonek.

–Audi berria raiatzeko beldurrez? –adar soinuan Andrék.

–Hori baino okerragoa litzateke lokatzetan trabatuta geratzea, ez atzera ez aurrera.

Kotxetik jaitsi orduko, hirukote batekin egin dute topo.

–Ondo al goaz hemendik Sakonetara?

Gazte motxiladun batek galdetu die, eta, bide berean doazenez, berehala egin dituzte aurkezpenak: Ainhoa, Gorka eta Julian dira iritsi berriak.

–Sakonetako erresistentziarekin gure elkartasuna adieraztera gatoz, eta ahal baldin bada borroka horretan laguntzera –esan du Ainhoak, hiru gazte narrasetatik hizketarako zibilizatuenak.

Eurak kazetariak direla esan du Anttonek, beste azalpenik gabe, eta lanbidearen aipamenak bere egitekoa gogorarazi balio bezala, beren ikuspegiez galdezka hasi zaie gazteei. “Zergatik zaudete AHTren kontra?”

Talde antisistemen ohiko diskurtsoa aletu die Ainhoak: desarrollismo kapitalistak etengabeko hazkundean oinarritzen duela bere logika, baina lurraren baliabideak mugatuak direla berez, eta ustiatze maila une kritiko batera ari dela iristen.

–Hori ez al da ikuspegi apokaliptikoa? –galdetu du Anttonek.

Neskak segitu du azaltzen ez dagoela esaterik apokalipsia kolapso bidez gertatuko ote den, aurreko zibilizazio batzuetan bezala, edo endekapen geldiezin batean; nolanahi ere, munduaren amaiera ez baina eredu ekonomiko batena begi bistan dagoela ikusi nahi duen ororentzat, egungo krisi globalarekin.

–Baina jendeak bere kontsumo mailari eutsi nahi dio, ez pobreago bizi. Ze alternatiba eskaintzen duzue zuek?
Ainhoak ahoa zabaldu aurretik Julianek hartu du hitza:

–Hi txakur bat haiz. Bi ostia eman eta hementxe utziko haugu, bide bazterrean.

–Eta zuk –bota dio Gorkak Andréri–, ezta pentsatu ere foto bat gehiago ateratzea, makina apurtuko dizut eta.

Tentsioa lehertzekotan zela, teilatu gorri baten bristada sumatu du Anttonek bidetxidorraren amaieran.

–Hara hor Sakoneta. Ailegatu gara!

Erantzun

Sartu