Teknologia albisteak

Sakoneta (32): "Nagusi, erasorako baimena"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-20 : 17:01

uzt. 2 19:45

–Nagusi, erasorako baimena.
–Ze eraso?
–Kanpadendetan dauden ekologistak. Ordu erdian dena jaso eta alde egiteko agindua eman diegu, eta dagoeneko pasa dira hiru ordu laurden.
–A.

–Eta ez dute mugitzeko itxurarik, gainera.

–Ya, ya, ya.

–Hortaz, zer? Lekuak hustuko ditugu?

–Kazetariek ere hor segitzen dute, ezta?

–Bai, hortxe daude denak.

Telefonoaren beste aldean isiltasun moduko bat, eta Caparroso urduritzen hasia.

–Orduan zer? Planarekin aurrera joko dugu ala...?

–Ba, kasik ez, oraindik.

–Beste pixka batean itxarongo dugu? Beste epe bat emango diegu?

–Ez. Begira, Caparroso: sailburuarekin hitz egin dut; orain ezin dizut eman informazio guztia baina, kontua da geure eskuetara zenbait datu iritsi zaizkigula, juiziorako elementu berriak ematen dizkigutenak, eta horien arabera, bada, baztertu egiten dugu, oraingoz, ekologista eta kazetari horiei jazartzea.

–Orduan zer? Botila ardoa eta txorixo-bokadilloak eman behar dizkiegu, ze jatorrak garen erakusteko?

–Caparroso! Ze uste duzu...?

–Barkatu, nagusi, barkatu. Tentsio handi batean gaude hemen, eta neure onetik atera naiz une batez.

–Ez dadila berriro gertatu.

–Ez da gertatuko, nagusi.

–Eta ekologista horiek gertutik zaindu, ez dezatela pentsa bakean utziko ditugunik.

–Ados, nagusi.

–Eta beste pajaro hori...

–Bai, nagusi?

–Estutu pixka bat, ea onez onean ateratzen den.

–Eta atera nahi ez badu?

–Ba, hasi prestatzen eraso bat.

–Baina guk hemen ez daukagu aski baliabide. Ekintza berezietarako taldeak behar genituzke, beren arma eta prestakuntzarekin.

–Aizu, Caparroso, hori guztia badakit nik ere. Tontoa naizelakoan ala?

–Ez, ez. Barkatu, nagusi.

–Erasoa jo behar denean behar bezala egingo dugu, baina bitartean zirika ezazue pixka bat, bestela dena libre dela hasiko da pentsatzen jendea.

–Ados, nagusi.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago