Teknologia albisteak

Sakoneta (31): "Gertaera horiek ezker abertzalearen gogoeta-ildotik kanpo daude"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-19 : 17:01

uzt. 2 17:50

–Gertaera horiek ezker abertzalearen gogoeta-ildotik kanpo daude.

–Zer esan nahi duzu horrekin? –kazetariak zirika–. Hau ETAren ekintza izan daitekeela?

–Guk ez dakigu ETArena den edo ez den, baina nolanahi dela ere, gure gogoeta-bidetik at dagoela esan dezakegu.

–Baina, hortik kanpo egoteaz aparte, ezker abertzaleak ez al du beste baloraziorik egiteko?

Ezker abertzalearen bozeramailea une batean zer pentsa geratu da, beste zerbait erantsi beharko ote lukeen, baina gero zuhurtziaren harra piztu zaio aholku-emaile, gehiago esatea gehiegi esatea ez ote den.

–Ez, ez daukagu beste baloraziorik egiteko.
Kazetariari grabagailua itzali eta agur esatea pasatu zaio burutik, alfer-lanaz aspertuta, baina gero pentsatu du duintasunaren espantuen gainetik egon behar duela profesionalaren setakeriak, edo profesionalaren alukeriak.

–Beste galdera bat, hortaz: ezker abertzalea AHTren kontrako Elkarlana plataformako kidea da, ezta?

–Bai, hala da.

–Hortaz, AHTren aurrean duzuen jarrera azaltzerik baduzu?

–Ezker abertzalea AHTren kontra dago arrazoi askorengatik. Arrazoi ekonomikoak, diru-xahutze ikaragarria delako, behar sozialetarako aurrekonturik ez dagoela esaten den garai honetan; arrazoi ekologikoak, hondamen izugarrizkoak ekarriko dituelako, mendi eta bailaretan atzera bueltarik gabeko kalteak eraginez; arrazoi sozialak, gizarte-eredu elitista bat bultzatzen duelako, izaera sozialeko garraio publiko baten ordez; lurralde arrazoiak, eskualdeak elkarren artean lotu ordez zatitu egingo baititu; arrazoi kulturalak...

–Ados, ados –eten du kazetariak–. Eta arrazoi horiek guztiak izanda, ze iritzi duzu, desjabetutako bere baserritik egotzi behar zutenean, ertzainak tiroka hartu dituen pertsonaren kasuaz?

–Ez daukagu konstantziarik tiroketa hori gertatu denik.

–Eta ETAko preso ohi bat horrelako gertaeretan nahastuta egoteak, zure ustez zertan laguntzen edo zertan trabatzen du ezker abertzaleak hasitako prozesua?

–Preso ohiak eskubide guztien jabe diren pertsonak dira, eta euskal hiritar guztiek bezala zeresana dutenak zabaltzen ari den ziklo politiko berrian. Nolanahi ere, berriro esan nahi dut albiste nahasiak iritsi direla orain arte, eta iturri ofizialetatik bakarrik.

–Eta albiste horiek konfirmatuko balira?

–Orduan, ekintza-mota horiek ezker abertzaleak azkenaldian egin duen gogoetatik kanpo daudela esango genuke.

Desesperaziozko hasperen bat jaurti du kazetariak. Beste bat.

Erantzun

Sartu