Teknologia albisteak

Sakoneta (30): "Jo, Uxu, seguru hemendik dela?"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-18 : 17:01

uzt. 2 16:40

–Jo, Uxu, seguru hemendik dela?

–Ez dakit, tia, ze hemen bide guztiek igualak ematen dute, baina errekari jarraitzeko esan du Ainhok.

Errekak emari eskasa dakar urte sasoi honetan, ur-txirripa bat da ia-ia, eta horri esker doaz arrotik bertatik, erreka-harrietan pausoa emanez batzuetan, erreka-ertzetik ibiliz besteetan, ertzetako landaretza sarriak ibilia zaildu arren.

–Ai! –oihu egin du Naiarak, sasia ilean katigatuta–. Sasi puta.

–Bajuago hitz egin, tia, zipaioak alde guztietan dabiltzala.

–Eske ni jada titietaraino nago. Eta goraxeagotik joaten bagara, bidetxidorretik?

–Eta zipaioak agertuz gero?

–Doazela popatik hartzera, zipaioak.

–Que les den –eta barreari eman diote biek.

Zortea izan dute. Ez da txanogorritxorik azaldu beren bidean, eta geroxeago begien bistan agertu zaie, inondik ere Sakoneta behar duena.

–Hemen bai ibili behar dugula al loro, tia.

Baso ertzetik kirika gelditu dira, eta zinta-hesiari paraleloan hasi dira ibiltzen, arbolen babespean beti, harik eta denda bat muntatuta ikusi duten arte, eta aurrean Markel, ertzain pare batekin eztabaidan.

–Eta Markelen atzean dagoen neska hori? –galdetu du Naiarak.

–Nik ez dut ezagutzen. Begira, badoaz zipaioak.

Markelengana joan dira bi neskak. Besarkadak eta bizkarreko txaplakoak. Beren nondik norakoen berri eman diote elkarri: ibilitako bidetxidorrak, ertzainekiko liskarrak eta beste.

–Gu kanporatzera etorri dira zipaio horiek, baina ez diegu kasu egin. Zuen denda jarrita, zailagoa izango dute botatzea –azaldu die Markelek.

–Eta Ainho? –galdetu du Naiarak, trasteak ateratzen hasiz.

–Ez al zetorren zuekin?

–Fijo txakurradak harrapatu duela –Uxunek.

Bi plazako quechua merkearen ondoan di-da batean muntatu dute Naiara, Uxune eta Markelek North Face lau tokikoa, Martina txoko batean begira dagoen bitartean.

–Eta hori? –galdetu dio ahapeka Naiarak Uxuneri.

–Jo, tia, lagundu gutxienez, ezta? –Uxunek ozen.

–Ez daki euskaraz –argitu die Markelek–. Kazetari aleman bat da, Martina.

–Hola! –esan du neskak, berataz ari direla ohartuta.

–Zuk kazetari bat gonbidatu? Flipatzen nago, tio.

–Ez, ez. Baina potroak dauzka, e! Ikusi bazenute, kontrolean zipaioei aurre nola egin dien eta. Gainera, igual ondo etorriko zaigu, ze, hemengo kazetariekin badakigu zer dagoen, baina kanpokoekin beharbada...

Naiara kazetariari begira geratu da. Pija bat, pentsatu du bere artean, baina guapa. Eta Markelen mirespen hori mingarria egin zaio, eta bi kanpadendei begiratu die, bi lekukoa bata, laukoa bestea, eta lotarako nola banatuko diren imajinatzen saiatu da, korromioz beterik.

Erantzun

Sartu