Teknologia albisteak

Sakoneta (29): "Eskerrik asko etorri zareten guztioi"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-17 : 17:01

uzt. 2 19:30

–Eskerrik asko etorri zareten guztioi; are gehiago kontuan hartuta azken orduan deitu dizuegula. Guk ez daukagu ohiturarik halako gauzetan, gu ez gara politikariak, baina entzun ditugun astakeriak entzunda, zerbait esan beharra geneukan gure senide Joxeren defentsan, berak ezer esaterik ez daukanez gero. Hortaz, agiri labur bat irakurriko dugu, euskaraz, eta gero horren kopiak emango dizkizuegu, euskaraz eta erdaraz. Ez dugu galderarik erantzungo, ez aurretik eta ez ondotik. Barka ezazue baina guk ez daukagu zuek duzuen erraztasuna eta... Bueno, hauxe da esan nahi duguna.

"Gure senide Joxe Garmendiak bizi duen egoera lazgarri eta arriskugarriaren aurrean, sendiak bere kezka adierazi nahi du, bere beldurra eta bere protesta. Gure seme, anaia eta osaba den Joxe Garmendiaren izen ona aldarrikatzen dugu beste ezeren aurretik, gizon zintzo eta konprometitu gisa.

Herriaren aldeko bere maitasunak eraman zuen armak hartzera, erabaki zuzen ala okerra izan litekeena, baina, nolanahi ere, Estatuarekin izan zitzakeen zorrak aspaldi kitatu zituen, ondo garesti ordainduta gainera, hemezortzi urtez eduki baitzuten preso Euskal Herritik urrutien dauden kartzeletan.

Geroztik, Joxe Garmendiak ez du inorekin borrokarik izan, ez du deliturik egin. Naturarekin bat eginda bizitzea erabaki zuen eta halaxe egin du orain arte, familiarena den Sakoneta baserrian nekazaritza ekologikoa landuz eta gure gizartean nagusi den bizimodu kontsumistatik ahalik eta gehien urrunduz. Ba al du horrek ezer txarrik? Ze eskubide dute batzuek, berez eredugarria den jokabidea belzteko eta gaitzesteko, eroa eta arriskugarria izendatuz?

Abiadura Handiko Trenarentzat prestatu duten ibilbidean dagoela-eta, eraitsi egin nahi dute Sakoneta, gure familiaren baserri eta gure senide Joxeren bizitokia; aditu eta herritar askok adierazi izan dute proiektu honekiko desadostasuna; gu ez gara horretan sartuko baina bi gauza behintzat garbi utzi nahi genituzke: lehenengoa, Joxek beti bezalako duintasun eta konpromisoz jokatu duela, kontzientzia garbiz eta erabaki sendoz; eta bigarrena, modu baketsuan adierazi duela bere protesta; ez dugu sinesten tirorik egin duenik; Sakonetan ez dago inongo armategirik, ezta ehizarako eskopetarik ere.

Hori dela-eta, geure kezka eta beldurra azaldu nahi ditugu, Sakonetari armaz erasotzen badiote, Joxeren bizia arriskuan egon litekeelako. Ezin zaio tiroka eraso desarmaturik dagoenari. Are gutxiago bere etxean baldin badago, Joxe dagoen bezala. Beraz, horra gure eskaria: salba dezagun Sakoneta, salba dezagun Joxe Garmendiaren bizia."

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago