Sakoneta (28): Lehenaz gainera orkatila bihurritu eta Martina ia-ia arrastaka eraman behar izan du Markelek
2011-01-16 10:01
uzt. 2 16:05
Lehenaz gainera orkatila bihurritu eta Martina ia-ia arrastaka eraman behar izan du Markelek, bere kasa ibiltzeko gauza ez dela.
Ez, utzi hemen, moldatuko naiz esaten dio neskak.
Bai zera Markelek, neskaren besoa bere lepoan jarri eta berak neskari gerritik heltzen diola.
Ondo zoaz? galdetzen dio tarteka Martinari.
Bai, bai neskak, ahots-hari batekin.
Ur pixka bat nahi duzu?
Ez, ez, gero. Goazen aurrera.
Eta Markeli miresgarria eta guzti iruditu zaio, une horretan, neskaren kemena, bere sufrikarioak gorabehera aurrera egiteko prest eta gogotsu ageri baita.
Beste pixka bat eta bertan izango gara. Animo! eta are estukiago lotu zaio kazetariaren gorputzari, basoan barrena binbili-bonbolo dabilen lau hankako zomorro trakets bat balira bezala.
Halako batean, eta Markelek ez lekike esaten lasaitua ala pena izan ote den handiagoa, Sakoneta hor aurrean dutela konturatu da. Isilik joateko keinua egin dio atzamar batekin Martinari, eta honek irri batekin erantzun. Pauso leunez hurbildu dira, eta Sakonetaren buelta guztian, baserritik ehun metrora batzuetan eta gertuxeago besteetan, istripuetan erabiltzen duten zinta txuri-gorri horietakoa ipini dutela konturatu dira.
Horrekin pasatzea galaraziko digutelakoan...
Baina ez da zinta bakarrik: ertzainak ere ikusi dituzte: batzuk batetik bestera dabiltzala, besteak egonean, agindu berrien zain baina erne, nolanahi ere.
Txoko bat bilatu behar dugu, zipaioen oharkabean denda zabaltzeko. Instalatuta gaudela, indarrez bota beharko gintuzkete...
Eta ni kazetaria naiz baieztatu du Martinak kategorikoki.
Hori da eta irribarre xalo bat piztu zaio Markeli, ohi ez bezalakoa.
Erantzunak kargatzen...