Teknologia albisteak

Sakoneta (27): "Hori, motel, pitzatuta zegok"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-15 : 10:01

uzt. 2 17:00

–Hori, motel, pitzatuta zegok. ETAkoa den, ez den, ni hor ez nauk sartuko, inporta ere ez. Makina bat ezagutu ditiat nik, ETAn edo hor inguruan ibilitakoak eta normal askoak, baxoerdi bat hartzeko-eta, konbestazio zat izateko-eta. Baina Baliarraingo beste hori? Hori, motel, jaten aparte ematekoa duk hori.

Bizilagunen arteko betiko xextrak, pentsatuko duk hik, baina ez. Garai batean hor Marixabel-eta bizi zituan, akordatuko haiz, umetan hemen ibiltzen hintzenean, hango etxekoandreak ogia eztiarekin nola ematen zizuen-eta. Ba, garai hartan ze istulu izan nuen ba nik bizilagunekin? Haien ardiak gure belardira pasatzen zirela-eta noizbait halako zeozer baina... huskeriak. Gero, berriz, Marixabel-eta Ordiziara joan zituan, alabarenera, eta Sakoneta berriz hutsik geratu zuan. Kontratista batek erosi zian orduan. Inazio Garmendia. Zuri samarra baina hitzeko gizona. Horrek ez zian bera bertan bizitzeko erosi. Negozioren bat izango zian horrek buruan. Lau txakur handirekin etxea konpondu eta Donostiako señoritoren batzuei saltzea edo. Oraingo tren berri hori bertatik pasatuko zela antzeman ere bai igual horrek, azkarra baita. Baina, orduan anaia kartzelatik atera eta hark ez zian ez bizimodurik, ez bizilekurik. Esan zidatek lanean ere ibili zela Joxe hori, ez zekiat anaiarekin edo beren partiduko saltsaren batean edo non. Kontuak kontu, halako batean hona etorri zuan bizitzera. Etxea nahiko erorita zegoan ordurako, eta txukuntzen hasiko ote zen pentsatu nian neure artean, baina keba. Hantxe, kieto! Lanera ere ez duk ateratzen. Kotxerik ere ez dik. Bizikleta zahar batean joaten duk porai aldian behin, baina hori ere gutxitan. Hortxe bizi duk, atera ere egin gabe. Niri arrebak esaten zidak, hau ez dela bizimodua eta kalera joateko, haienera, Beasaina. Baina nik kalera ez diat nahi, ezta, ezta... Eta nire koinatuarekin gutxiago. Ba, nire aldean basatiagoa duk Marmitte hori. Ni sikiera astean hiru-lau egunean joaten nauk kalera lanroberrean. Baina Baliarraingo hori? Piztia izuti hori? Esan izan zioat, modu onean, zeozer behar ote duen kaletik, ekarriko niola, eta hitzik gabe itxi zidak atea, muturren aurrean. Orain ertzainei aurre egin diela? Ez nauk harritzen. Aber tiroka eramaten duten hemendik. Nahiago nikek, trena honantzaxeagotik pasa eta niretzat izan balira horri eskaini dizkioten milioiak. Dirutza gero, e! Anaiarentzat izango zuan, Inaziorentzat, baina anaiak ona besterik ez ziok egin eta! Eta orain zer izango eta trenaren kontra, bera bakarrik? Txoroa halakoa. Periodikoan atera behar al dituzue horren kontuak? Ez daukazue premia makala, hori baino fundamentuzkoagorik ez badaukazue. Bueno, bueno... Joxe Marmitte... Bejondeiola.

Erantzun

Sartu