Teknologia albisteak

Politikariak tiro egiteko jo-mugan, Arizonan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-01-09 : 12:01

Atzo Arizonan hiltzen saiatu ziren politikari estatubatuarra, Gabrielle Giffords, tiro egiteko jo-muga batean irudikatu zuen mapa batean Sarah Palin aurkariaren webgunean. Politikariak jomugan jartzea... Legeria batzuekin, Alderdi Errepublikarra debekatzeko motiborik ere aurkituko lukete batzuek.

Gabrielle Giffords Kongresuko ordezkari demokrata da Arizona estatuan, eta bertako Tucson hirian, ekitaldi batean egin diote tiro. Buruan eman diote, baina bizirik dago. Beste bost lagun hil dituzte ordea, tartean epaile federal bat eta 9 urteko neska bat. Tirokatzailea atxilotu egin dute, gizon gazte bat, arma legalki erosi zuena.

Sheriffak esan duenez, hiltzailea burutik sano ez da egongo agian, baina bere joerak zerk indartu dituen ere kontuan hartzekoa da.

Izan ere, Giffords AEBetan liberaltzat jotzen den politikaria zen. Zelula amekin ikerketa egitearen aldekoa, edo osasun sistema publikoa berrantolatzearen aldekoa. Horregatik, etsaitzat zeukaten errepublikar eskuindarrenek, Tea Party deitu izan den mugimendu horretakoek. Tea Party delakoan Sarah Palin da buruetakoa, eta haren webgunean duela 10 hilabete mapa bat kaleratu zuten, jomuga batzuk irudikatuz, aditzera emateko hurrengo hauteskunde kanpainan bereziki politikari horien kontra jo behar zutela. Arizonako mapako jomugan, Gabrielle Giffords.

Gertatu dena ikusirik, Daily Kos agerkari digitaleko fundatzaileak zera tuiteatu du: Mission accomplished, Sarah Palin. Michael Moore zinegileak ere zera tuiteatu du: "Musulman batek mapa batean 20 jomuga izendatuko balitu, eta bat hilko balute, non egongo zen pertsona hori orain?"

Palinen taktikak ez zuen funtzionatu bozetan bederen. Azaroan berritu ziren Kongresuko postuak, eta Arizonako bere ordezkaritzari eutsi zion Giffordsek. Bere aurkari errepublikarrak, kanpainan, Jesse Kellyk, armen analogia erabili zuen halaber, Palinek bezala. Dirua jasotzeko ekitaldi batean, bere aldekoak gonbidatu zituen M-16 errifle automatiko batekin tiraketa batzuk egitera; tiro egiteko instalazio batzuetan, pentsatzekoa denez, baina helburutzat zera adierazi, "lagundu Giffords kargutik kentzen."

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago