Teknologia albisteak
2

Mondragon Unibertsitateak berritu egin du webgunea

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2010-12-30 : 09:12

Mondragon Unibertsitateak berritu egin du unibertsitatearen webgunea eta beronen baitan dauden subsite edo azpiwebguneak, zortzi guztira. Webgune berritua hobeto egokitzen da gaur egungo pantailetara, diseinu garbiagoa du eta lekua egin die blog, telebista eta sare sozialei.

2010eko uztaila ezkero, batzorde bat lanean aritu da, CodeSyntax enpresarekin batera, prestatzen Mondragon Unibertsitatearen birdiseinua. Batzorde horretan unibertsitate osoko ordezkariak izan dira. Lana ez zen makala, zeren, unibertsitatearen webguneaz gain, birdiseinuak eragin behar zien haren barruan dauden subsite edo azpiwebguneei, zortzi guztira: fakultateak, biblioteka, kirol zerbitzua, eta hiru graduondo.

Berrikuntzak

Webgune berriak hainbat berrikuntza ekarri du, batzuk begi-bistakoak eta besteak ez hain nabarmenak:

Birdiseinua. Zuria eta berde korporatiboa nagusitu dira MUren webgune berrituan. Webgunearen eremua zabalagoa da lehen baino, hobeto egokitzen delako gaur egungo erabiltzaileen pantailetara. Horrek zabaldu egin du zuriaren eremua, eta pantaila garbiagoa egiten du. Informazioa, berriz, bi eremu nagusitan banatzen da orain: erabiltzaile arruntak zerrenda beltz batean aurkituko du informazioa; bertan ikasi nahi duenak, berriz, eremu berde bat izango du, bertan informazioa bilatzeko. Horrezaz gain, ezker aldean laupabost informazio nabarmenduko dira. Bestalde, uneoro bost albiste erakutsiko dira. Eta horien eskuinean, MUkomunitatea joango da.

Plone 4.0. Webgunearen birdiseinua baliatu da berau kudeatzen duen sistema ere eguneratzeko, Plone alegia, Edukiak Kudeatzeko Sistema librea. Aurrerantzean, bada, webguneak erabiliko du Ploneren azken bertsioa, 4.0.

MUkomunitatea. Edukiei dagokienez, hauxe da berrikuntzarik handiena webgune berrituan. Komunitate horren barruan, elementurik nabarmenena MUtelebista izango da, berau beti egongo da-eta ikusgai unibertsitatearen webgunean. Horrekin batera, bi blog mota egong dira: korporatiboak, unibertsitateko lanekin lotuta, eta MUren lagunak, unibertsitateko langileen blogak, baina ez zuzenean eta beti unibertsitateari lotuak. Sare sozialek ere izango dute tokia komunitatean: bertan jasoko dira unibertsitateak dituen Twitter, Facebook eta Tuenti kontuak. MUkomunitatea bakarrik MUren webgunean agertuko da, baina fakultateetakoenetan ere sarbideak izango ditu.

Erantzunak

Joseba
2010-12-30 : 09:54

Orain edukiez bete beharko da, hots: http://www.mondragon.edu/eu/ikerketa/mkak


Joxe Aranzabal
2010-12-30 : 12:01

Bai. Aldaketa handia izan da, eta justu iritsi zaigu oporrekin batera. Urtarrilean osatu egin beharko dugu webgunea. Eskerrik asko, dena dela, ohartarazteagatik.


Erantzun

Sartu