Teknologia albisteak

Sakoneta (22): Anttonek ez du Sasiondoko plazan geldialdirik egin

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-10 : 17:01

uzt. 2 16:30

Anttonek ez du Sasiondoko plazan geldialdirik egin. Lehenbiziko deiaz geroztik, beste bi aldiz hitz egin du erredakziokoekin, azkena Roberrekin.

–Non sartu zara? –hasi zaio zuzendariordea errietan, eta hortik aurrera egundoko erretolika bota dio, beste hedabide guztiak han daudela dagoeneko, albisteak bidaltzen eta ea berak zer!

–Zer nahi duzu, denak elkarren fotokopiak diren albiste txatxu horietako bat bidaltzea?
–Txatxua edo ez, zeozer behintzat, berriemaile berezi bat bidali dugunez gero.
–Nik zeozer diferentea lortuko dizuet.
–Aber egia den.
–Noizbait huts egin al dizut ba?
–Noizbait? Noiz ez, galdetu behar.
–Ba, oraingoan zerbait ona daukat esku artean.
–Ta? Zer da?
–Utzi nire esku.
–Baina aurreratu zeozer.
–Zuek gorde espazio on bat, eta gainerakoa nire kontu.

Zuzendariordea dudarekin geratu da, ahoberokeria bat ote den, alferrontzi baten hainbatgarren trikimailua, ala zinez ari ote den Antton Lasa; azken batean, basakristauen inguru horretakoa da bera ere, pentsatu du bere artean, zalantzaren abantaila ematearekin batera.

Zinez aritu da Antton Roberrekiko elkarrizketan. Izan ere, erredakziokoekin lehenengo aldiz hitz egin duenetik jabetu da hogeita hamaika daukala eskutik.
Sasiondoko plaza telebista-setez eta polizien patrolez mukuru ikusi, baina aurrera egin du Anttonen Audiak. André begira geratu zaio, argazki-makina muntatzen hasita ordurako, baina ez du ezer esan. Porlanezko pista bat hartu du Anttonek geroxeago, bidegurutze esaterik ez daukan txoko batean, eta hortik gora jo du, autoa martxa motelean jarrita. Andrék hitzik esan gabe jarraitzen du, baina bere aldeko leihatila jaitsi du, arbola artean ustekabean zerbait interesgarria agertuta ere bere objektiboan atzemateko gertu. Gora eta gora segitu dute puska batean, gaintxo batera iritsi diren arte. Agure baten kaskogaina bezain soilduta ageri da bazter horretantxe gelditu du Anttonek autoa.

–Iritsi gara? –galdetu du oraingoan Andrék.

Berari segitzeko keinua egin dio Anttonek. Handik hogei metrora eraman du, amildegi baten azpiko paraje zabala hasten den ertzeraino.

–Beheko zulo horretan, pinuak amaitzen diren lekuan, etxe xaxtar bat ikusten duzu?

Begiak fokatu behar izan ditu argazkilariak baietz esan aurretik.

–Ba, horixe da Sakoneta. Hortxe dugu gure terrorista.

Erantzun

Sartu