Teknologia albisteak

Sakoneta (20): Adiskide bat bazen orotan bihozbera

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-08 : 10:01

uzt. 3 00:05

“Adiskide bat bazen / orotan bihozbera / poesiaren hegoek / sentimenduzko bertsoek / antzaldatzen zutena...”

Gitarra atera eta ahots goxo batez hasi da kantatzen Naiara. Aldamenean Uxune gehitu zaio aurrena eta beste batzuk hurrena.

“Non hago? Zer larretan / Urepeleko artzaina? / Mendi hegaletan gora / oroitzapen den gerora / ametsetan joan hintzena...”

Entzuleak biribil batean eserita daude. Lehentxeago amaitu dute afaltzen. Bakoitzak ekarri dituenak batu eta hortik aritu dira gehienbat jaten; gero litxarreriak erabili dituzte eskuz esku, txokolatea eta galletak batik bat, beste batzuek erretzekoak eta edatekoak atera dituzten bitartean.

–Zerbeza bat pasako?
–Tori. Badaukazu beste zigarro bat?
–Noski.
Naiarari kantu eske hasi zaizkio batzuk:
–Badakizu “Ilargian”?
–Ez, hori ez, jo ezazu Ruperren bat.

Azkenean, adosteko errazenak horiek direlako, kanta zuberotarren errepertorioa aletzen joan da: “Goizian argi hastian / ene leiho hegian...”, “Jaun Baruak aspaldin / xederak hedatü zitin...”, “Eperrak baditüzü bere bi hegalak / bai eta burin gainin bokarda eijer bat...”

Doinu eztiek oroiminezko giro lanbrotsu bat sortu dute, apurka-apurka, kantuzaleak malenkoniaren magalean kulunkarazten dituena. Beste batzuei, berriz, logura eman die eta zakuetan sartu dira, lo pixka bat egiteko edo lagunaren ferekekin gozatzeko, aukera izanez gero.

Naiara inguruetara begira ari da, disimuluan, Markel non atzemango, baina ez du inon ikusten. Lotara joan ote da bera ere? Bakarrik ala konpainiarekin? Ezin du kendu burutik kazetari alemaniar hori, Martina, Markelekin batera etorri dena.
“Maitia nun zira? / Nik ez zütüt ikusten / ez berririk jakiten / nurat galdu zira? / nurat galdu zira? // Ala khanbiatu da zure deseina? / hitz eman zenereitan / ez behin bai birritan / enia zinela / enia zinela”.

Hurrengo ahapaldia ez daki buruz eta li-la-lo hasi da, baina handik laster eztarria trabatu eta eztulari eman dio.

Aldamenekoak eskainitakotik edan du, baina beste zerbaitek larritzen du eta beste zerbait nahi du.

–Uxune, Uxune... –hasi da ahopean deika.

Baina Uxune ere desagertuta dago gauaren beltzean.

Erantzun

Sartu