Teknologia albisteak
2

Sakoneta (19): Sasiondora iritsi baino lehenago bidegurutze bat hartu du Audi A3ak

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-07 : 10:01

uzt. 2 14:30
Sasiondora iritsi baino lehenago bidegurutze bat hartu du Audi A3ak.
–Zerbait bazkaldu beharko dugu, ezta?
Sorbaldak altxatu ditu Andrék, berari berdin zaiola adierazteko bezala.
–Euskadi sakonean astakirten eta zokormazoetatik aparte bestelakorik ere badela erakutsiko dizut.

Pixka batean gidatzen segi eta Zaldibian sartu dira.

–Ikusten duzu mendi eder hori? Txindoki du izena, bertakoek Ñañarri esaten badiote ere. Polita, ezta?

–Elegantea da, bai.

–Hemengo guztion burmuinean iltzatutako silueta dela esango nuke.

–Eta hori da hemengoak astapistola hutsak ez zaretelako froga?

–Ez noski. Besterik ere badugu. Itxaron pixka batean.

Aparkatu dutenean piztu du Anttonek ordura arte itzalita zeraman telefonoa.

–Joder. Hamar dei galdu.

–Hamar?

–Erredakziotik. Ba, ez dut deituko. Hor konpon.
Konplizitatea bilatzen zuen Anttonen keinuak, baina Andrék ez du erantzun. Sorbaldak altxatu eta isilik jarraitu dio kazetariari, taberna batean sartu diren arte.

–Aber, Xanti –esan dio Anttonek tabernariari–. Hemen dakarkiat señorita bat, mundu osoan barrena ibilitakoa, baina Arreseneko martinia oraindik probatu ez duena.

–Laster konponduko dugu hori ba.
Andrék ez du arazorik izan onartzeko martini hori, prestaketaz, aurkezpenaz eta gustuz, edonon hartutako onenaren parekoa dela, gutxienez. Antton, bitartean, lekua goratzen hasi da, eta hala jarraitu du bazkari bitartean ere, euskaldun zokormazo nahiz sofistikatuen ohitura orokortua betez, sukaldaritza mokofinaren bitartez txunditu nahi izan baitu neska gaztea, edo sublimazio gastronomikoaren bitartez estali beste gabezia batzuk. Kontuak kontu, finenetik ekartzeko agindu dio Xantiri: kokotxak eta onttoak hasteko, almejak eta ganbak jarraitzeko…

–Eta arrainetan, daukazuen onena, amukoa.

–Eta edateko?

–Remelluriko erreserbarik badaukazue?

–Jakina.

–Horixe bera.

Neska komunera joan dela aprobetxatu du Anttonek erredakziora deitzeko, eta eman dioten berriak gazi-gozo berezia erantsi dio upelean ondutako ardoari.

Erantzunak

Amonamantangorri
2011-01-07 : 17:36

"Astapistola" zerorrek asmatua al da?

xme
2011-01-07 : 17:59

Ez, ez: nahiago nuke hainbesteko asmamena banu, baina hitz arrunta da hainbat lekutan, "astakirten"en baliokidea, nahiz eta hiztegi gehienetan azaldu ez.

Erantzun

Sartu