Teknologia albisteak

Sakoneta (18): Ertzain batek geldiarazi die autoa, eta nora doazen galdetu

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-06 : 10:01

uzt. 2 15:30
Ertzain batek geldiarazi die autoa, eta nora doazen galdetu.
–Kazetariak gara, gure lana egiten gabiltza –esan du ziur bolantean doan neska gazteak.
Ertzainak burua makurtu du, motxila handi bati heldurik doan gizon betaurrekodunari begira; une batez agiriak eskatzekotan egon da, baina, atzetik auto gehiago datozela ikusita, iritzia aldatu du.
–Sasiondoko plazan dago kazetarientzako lekua prestatua, hona ezin da sartu.
–Gure lana geuk nahi dugun lekuan egiten dugu –bota du neskak, lehen baino ere ziurtasun handiagoz.

Neska lotsagabe hori kuartelera eramateko tentazioa izan du ertzainak, baina eutsi egin dio beste behin ere.

–Ba, hemendik aurrera ezin zarete pasatu. Aginduak dauzkagu. Hartu buelta, mesedez.
Gizon betaurrekoduna harri eta zur dago, eta ez du hitz egin autoak buelta hartu duen arte.

–Zuk bai potroak.

–Poliziak esan behar al digu non egon eta non ez? Kazetarien zeregina informatzea da, eta boterearen gehiegikeriak salatzea, ez haren esanetara jartzea.

–Nabari da ez zarela hemen bizi. Nongoa esan didazu zinela?

–Alemaniarra. Leipzigekoa.

–Ba, oso ondo egiten duzu gaztelaniaz.

–Txikitan Kuban bizi izan nintzen. Nire aitak han lan egin zuen bolada batean, harresia apurtu eta Errepublika Demokratikoa eraitsi aurretik.

–A.

–Gero, kazetaritza ikastearekin batera, gaztelania lantzen ere jarraitu nuen.

–Eta izena nola esan didazu? Ahaztu egin zait.

–Martina.

–Ni Markel.

–Bai noski, badakit.

Ideia bat dabil Markelen buruan. Sekula ez da gehiegi fidatu izan kazetariekin; alemaniar honen eskaintza onartu badu, haren autoaz aprobetxatzearren izan da, neurri handi batean, eta Sasiondora iritsi bezain laster agurtzeko asmotan zen, baserriaren ingururaino bere kasa iristeko. Ikusitakoak ikusita, ordea, iritziz aldatzea merezi dezakeela pentsatzen du orain, eta beharbada borroka honi nazioarteko oihartzun apur bat emateko ere balia dezaketela.

–Ez, ez joan hortik –esan dio Martinari.

Galdera mutua egin dio neskak, autoaren abiadura gutxitzearekin batera.

–Hartu buelta eta esango dizut nik nondik joango garen.

Erantzun

Sartu