Teknologia albisteak

Sakoneta (16): Barne Sailaren bigarren ohar hau iritsi denean, sinetsi ezinik gelditu da berria hartu duen kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-01-04 : 10:01

uzt. 2 14:00
Barne Sailaren bigarren ohar hau iritsi denean, sinetsi ezinik gelditu da berria hartu duen kazetaria, eta erredakzioko lagun bati erakustera joan da.
Beren ametsik ero eta beroenean ere ezin imajinatuko zuten horrelako pagotxa. Zer eta, ertzainei tiroka eraso omen dien baserritar terrorista delako hori, zinez dela baserritarra eta are egiazkiago terrorista, Espainiako espetxeetan hainbat urte igarotakoa, ezin konta ahala krimen eta delituren egilea izateagatik.

–Ez da ba Jon Arantzegi izango? –galdetu die elkarrizketaren hotsa iritsi zaion lankide berrigose batek.

–Ez, motel, hura Frantzian dago, kartzelan.

–Hau ere izango da, hortaz, hala-moduzkoren bat.

Berri-agentziek datu zehatzagoz jantzi dute lehen momentuetako albiste laburra, dagoeneko ez da ez hipotesi ez zurrumurrua baizik eta datu ziur eta kontrastatua: ertzainei aurre egin dien morroiak, etxean armategi oso batez horniturik gotortu omen den baserritar fanatiko horrek Joxe Garmendia du izena, gerrako izenez Marmitte, jatorriz Beldarraingoa eta azken urteetan Sasiondora bizitzera joana, baina tartean ETA militarreko kide izan eta hainbat atentatutan parte hartzeagatik kartzelan hemezortzi urtez egona.

–Hemezortzi? Ez da hainbeste ere –esan du batek.

–Orain ez, halako bi betetzen dituztenak ikusten ohitu gara eta. Baina kartzelako presioarekin eta baldintza horietan hemezortzi urte...

–Pitzatuta bukatzeko moduan.

–Hau gainera ez al zen izan...? Bai, gizona!

–Zer?

–Kartzelatik atera zenean egun pare batean desagertuta egon zena. “Non dago Joxe?” kartelez bete zituzten bazterrak.

–Bai, egia. Eta jestorek gobernuari leporatu zioten, gerra zikinean desagerrarazi egin zuela.

–Gero agertu eta jada ez zen ezer jakin.

–Gaur arte.

–Joder, Marmitte. Hamabost urte pasa eta gero...

–Azeriaren azturak, nonbait. Badirudi terroristak barruan daramala beti tiroka hasteko joera hori.

–Baina zer egin du bitartean, hamabost urtean?

–Auskalo. Rambo baten moduan basoan ibili igual, eta armak gorde ezkutalekuan. Horiek denak pitzatuta daude, gizona.

–Joder. Rumanoari hots egin behar diogu lehenbailehen.

–Egia.

–Ez du hartzen.

–Inguru basati horietan, badakizu, estaldurarik ere ez.

–Deika segituko dut.

Erantzun

Sartu