Sakoneta (12): Sutara txotx batzuk bota eta krux-krux-krux egin dute abar iharrek
2010-12-31 10:12
Antton, txiskeroa eskuan, operazio guztiari begira egon da, mutu, antzinako erritual baten gurtzailea balitz bezala; eta, zuziaren magia denboran apur bat luzatu nahiz, edo berak ere haren ahalmenen bat bereganatzeko esperantzan, esan du:
Pasatuko?
Lotoaren jarrera utzi gabe, eskuak erabiltzeke gorputza doi altxatu eta aurrera makurtuta, oraindik eskuetan zeukan abarra luzatu dio Naiarak Anttoni. Honek hartu, bere zigarroraino erakarri, eta puruzaleek bazkalondo oparoetan ohi duten zeremoniaren antzekoa hasi du, marlboroa alferrik kixkaltzen ari zaiola ohartu den arte, tabakoaren urrina probatu gabe.
Aingeru bat pasatu dela baieztatzeko moduko isilunea begitandu zaio Anttoni, baina ez du ezer esan. Nekea nabari du betazaletan eta gorputz-atal guztietan, egun osoan eta gauaren erdian berriketan ez beste ezertan jardun ondoren. Tabako paketea ez da hustu duten bakarra: botila pare bat hor nonbait ikusi ditu lehenago pirurika, baten batek suaren arrimutik baztertuko zituen badaezpada; termoa ere motxilaren batean gordeko zuten, bere zuku beltz guztia atera ondotik; eskuz esku ibili eta erretako txirrien mutxikinak aspaldi ahituko ziren txingarren artean; txiste zahar eta zakarren artxibora jotzeko ordua da, loaren tiradizoari eustekotan, baina ez du gogorik horretarako ere. Gozo sentitzen da aspaldiko partez, lagunarte bitxi horretan: Naiara, Uxune, Markel, Ainho, Julian... suaren inguruan daudenetatik, André kenduta, inortxo ere ezagutzen ez zuen arren ordu batzuk lehenago arte.
Suaren edo zigarroaren kea sartuko zitzaion begian, bat-batean malko baten dardara sentitu du begi ertzean Anttonek. Inor ez da konturatu, zorionez. Eta hala ere, sentiberatasunaren erasoari amore emanda, beste inori ez baizik bere buruari mintzo zaiola, esan du:
Zinismoak nekatu egiten du.
Erantzunak kargatzen...