Teknologia albisteak

Sakoneta (9): "Gero, Barne Sailetik bidali diguten ohar hori dago"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2010-12-28 : 10:12

uzt. 2 11:15
–Gero, Barne Sailetik bidali diguten ohar hori dago –esan du Josunek.
–Zer? Nik ez dut ezer ikusi –Rikardo zuzendariak.
–Oraintxe iritsi da. Tipo batek, AHT egiteko obretan etxetik bota behar zutenean, tiroka ekin omen dio ertzainen kontra.
–Baina terroristaren bat edo...?

–Oharrak ez du zehazten: ekologista erradikalen bat izan liteke, baserritar zoro bat bestela, bere etxea utzi nahi ez duena...

–Zoroa, hori seguru –Roberto zuzendariordeak–. Eta non izan da hori?

–Sasiondon –erantzun dio Josunek, eta badaezpada erantsi–: Gipuzkoako Goierrin.

Horrekin dena esana dagoela pentsatu dute denek, erasotzailearen erretratua osatua, errobot beharrik gabe: piztia fanatiko bat, integrista intolerantea, basati itxura gaiztoko bat, ilustrazioan falta duena ankerkerian sobra izango duena.

–Ez al zen Sasiondokoa Jon Arantzegi ere, bi ertzain hil zituen hura?
–Egia. A zer fauna inguru horretakoa.

Neanderthalaren ondorengo zuzentzat joa dute dagoeneko baserritar terrorista hori, gaztelania hala-moduz murduskatuko duen borderline patologikoa. Gai egokia hala ere erreportaje baterako: nazionalismo estremistak sortzen duen bortizkeria-giroa salatzeko baliagarria izan daiteke, garai hauetan lehen bezain premiazko eginkizuna edo are premiazkoagoa, mundu horretako ortodoxoek beren eskari maximalisten astotik jaitsi nahi ez dutenez gero.

–Nork egingo du? –galdetu du Rikardok, berriketa amaitu eta erabakiak hartzeko plantan.
–Ba... Rumanoak edo? –Roberrek.
–Ez du nahiko –esan du Josunek.
–Ta? –Rikardok–. Nahi duguna bakarrik egiten al dugu hemen? Profesional bat profesional bat da. Txiste erraza bururatu zaie bizpahiruri, baina mihia txuloan gorde dute denek.
–Antton inguru horretakoa da, oker ez banago –erantsi du Roberrek.
–Baina noiztik ez du egin kanpoko erreportaje bat?
–Ba, ikas dezala berriz. Hori da kazetaritzaren gauzarik ederrena, ezta?

"Eta izorra dadila" pentsatu dute bilerako gehienek.
–Euskara jakitearen abantaila ere badauka –gehitu du Josunek–. Bertakoen konfiantza irabazteko eta.
–Orduan perfektua da –sententziatu du Rikardok–. Nork ezagutzen du berak baino hobeto Euskadi sakona?

Erantzun

Sartu