Teknologia albisteak

Sakoneta (8): Jo, tia, flipantea da. A que bai?

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2010-12-27 : 10:12

uzt. 2 13:20

–Jo, tia, flipantea da. A que bai?
Naiarak baietz esaten dio buruaz, baina aldi berean Uxunek azaldu dion planari bueltaka ari da bere artean.
–Baina eske nik gaur ilea garbitu behar nuen.
–Jo, tia, ez zaitez izan hain pija.
–Eske, ez dakit zenbat egun daramadan jada garbitu gabe. Atzo tai chi klasea neukan eta ezin izan nuen, gaur goizean pentsatzen nuen eta alferkeria eman dit goizago jaikitzeak.

–Enrollatu zaitez pixka bat, tia. Pentsa tipoa nola egongo den, eta zu hor, zure ileaz pentsatzen.

–Eske begira ze txima ditudan.
–Ba nik oso ondo ikusten zaitut. Gainera, zapi horrek super-ondo ematen dizu.
–Bai?
–Benetan.

Naiarak begiratu bat bota dio bere buruari, mahai ondoko paretan zintzilik duen ispiluan (Istanbulen erosia, filigranazko markoduna) so azkar bat eginda.

–Gainera, seguru Markel ere bertan dagoela.
–Markel?
–Klaro. Ainhok deitu dit niri, eta berari Markelek, peña guztiari abisatzeko. Ahalik eta jende gehiena bildu behar gara, ze bestela, tipoa han...
–Ba, Markel baldin badoa...
–Txakurrada guztiarekin...
–Nola joango naiz ile hauekin?
–Kristoren mobida egongo da, tia.
–Eske barregarri nago.
–Baina bazatoz ala ez zatoz?

Plana zehazten hasi dira. Naiara lanetik ateratzen denean (Beleni lehentxeago irteteko baimena eskatuta) Uxuneren bila joango da; Ainho eta Julian ere han izango dira seguru asko. Nork zer eraman, bertan erabakiko omen dute.

–Eta Sasiondora, a toda hostia.
–Baina han edukiko al ditugu dutxak edo zer edo zer? Burua garbitzeko.
–Jo, tia, ez daukazu beste rollorik buruan.
–Kaspa eta grasa, gutxi iruditzen zaizu?

Eta barreari eman diote lagun biek.
Belen itzuli da orduan, plastikozko basoetan kafeak dakartzala, bere txulo eta guzti hartarako prestaturiko azpilean.

–Kafea ekarri dizuet. Zuk nola nahi duzu? –galdetu dio Uxuneri.
–Deskafeinatu hutsa, makinakoa.
–Ba, ebakiarekin konformatu beharko duzu, maja.

Erantzun

Sartu