Teknologia albisteak

Tokitan-en abenturak komikian: Bidaia Erdiko Lurraldera

Erabiltzailearen aurpegia
Haritz Rodriguez | Tokitan.tv
2010-12-21 : 12:12

Tokitan.tv-ren lehenengo denboraldia erdibidera iritsi da eta, ospatzeko, ekimen berri bat abiatzea erabaki dugu: "Tokitan-en abenturak". Web telebista honek transmedia izaera izan dezan egiten ari garen ahaleginean, hemendik aurrera bideoetan kontatzen diren istorioak dimentsio berri batera eramango ditugu: Komikia.

"Tokitan-en abenturak" geure bideoetatik ateratako irudiekin osatutako komikia da. Istorioa geure bideobloga elikatzen duten bideoetan oinarritu dugun arren, komikian kontatzen dena istorio independentea da, fikziozko generoan koka daitekeena.

Alegia, komikiak bere garapen narratibo propioa dauka eta Tokitan.tv-ko bideoak kontuan izan gabe irakur daiteke. Hala ere, egitasmo globalaren osagarri ere badenez, istorioaren alderdi guztiak ulertzeko web telebista hau osatzen duten alderdi guztietan murgiltzea da modurik onena.

Sortu dugun lehenengo komikiak "Bidaia Erdiko Lurraldera" du izenburu. Izan ere, oraingoan, Tokitan.tv J.R.R. Tolkienek sortutako alegiazko mundura abiatuko baita. Geure asmoa entrega berriak argitarauz istorio hau osatzen joatea da, Tokitan webgunean bidaien inguruko bideo berriak argitaratu ahala.

Lehenengo entrega honetan istorioa umore apur batekin kontatzen saiatu gara. Bertan, Erdiko Lurraldeko paisaiak, izakiak eta pertsonaiak aurkituko dituzue. Jakina, guztiak Tokitan.tv-ren ikuspegi berezitik irudikatuak.

Transmedia storytelling

Transmedia storytelling edo crossmedia. Azkenaldian asko entzun ditugun bi kontzeptu dira, komunikazioarekin lotura estua eta niretzako garrantzia berezia dutenak. Istorio berbera euskarri anitzak erabiliz kontatzea da gakoa, istorio hori biderkatuz eta, kontaketa linealetik aldenduz, elkarrekin konektatuta dauden dimentsio paralelotan garatuz.

Formula honelako zerbait izango litzateke:

Tokitan.tv orain bi urte egikaritzen hasi zenetik, transmedia komunikazio proiektua garatzea izan da geure helburua. Alegia, geure xedea istorio baten alderdi guztiak kontatzea da, euskarri ezberdinak erabiliz.

Bideoak dira istorio honen zutabe nagusia, bistan da, baina badira istorio hori osatzeko erabiltzen diren beste elementu batzuk ere. Bide horretan, egitasmo honen intrahistoria edo intraistorioa ere kontatzea lortu dugu, hots, bideo bakoitzaren atzean dauden istorio ezberdinak, baita erabiltzaileek konkatzeko dituztenak ere.

Transmedia edo crossmedia kontzeptua hainbat modutan garatzen da Tokitan.tv web telebistan.

  • Bideoak azpititulatu ditugu, eta hainbat hizkuntzatan irisgarri dira.
  • Ikus-entzunezko edukiek webgune eta web-zerbitzu ezberdinetarako lotura eskaintzen dute grafismoaren bitarrez, informazioa Interneten infinituraino zabaltzeko aukera eskainiz. Ikuse-entzunezkoen kontsumo ohiturak aldatu egin dira, eta gaur egun gutako askok telebista ikusten dugunean Internetera konektatutako gailu bat izan ohi dugu esku artean. Horrek jasotzen ari garen informazioa zabaltzea ahalbidetzen digu, baita iruzkinak egitea eta abar. Hipertestua da, pantailara ekarria.
  • Argitaratzen den bideo oro geokokatua dago eta mapaz lagundua. Horregatik, gertutasun geografikoan oinarritutako bilaketen bitartez erabiltzaileek sortutako edukiak eta web zerbitzuak kontsulta daitezke (argazkiak, bideoak, interesguneak, geocacheak...).
  • Zenbait kasutan (batez ere mendiaren inguruko bideoetan), track edo ibilbidea ikusi deskarga daiteke, ondoren GPS gailuan erabili ahal izateko.
  • Kasu guztietan waypoint-ak eskuratu daitezke GPX formatuan.
  • Artikulu guztiek dute helmugak barra kode irakurgailua duten telefono mugikorretako mapan ikustea ahalbidetzen duen QRkodea.
  • Tokitan.tv-ren RSS jarioak geodatuak dauzka eta, beraz, istorio osoa mapa baten gainean ikus daiteke. Gainera, kategoria edo atal jakin batera harpidetzeko aukera ere eskaintzen dugu.
  • Bideoak Miro eta Itunes bezalako harpidetza zerbitzuen bitartez ikusteko aukera ere badago. Beraz, media center eta gailu mugikorretan ere ikus daitezke.
  • Ikus-entzunezko edukiak bideoak sareratzeko plataforma ugaritan argitaratzen dira.
  • Bideoblogak idatzizko atal bat ere badauka, bideoetako istorioa beste eduki batzuekin osatzeko baliagarri direnak.
  • Sare sozialak komunitatearekin komunikatzeko tresna gisa erabiltzen ditugu, baita beste erabiltzaile batzuk sortutako edukiei leku egiteko ere, partehartzea sustatuz. Facebooken eta Twitter-en sortzen diren elkarrizketak webguneko azalean daude ikusgai, gainera.
  • Geuk ekoizten ditugun bideoez gain, beste pertsona batzuk ere beren bidaietako argazki eta bideoak erakusteko aukera eskaintzen dugu.
  • Qik.com webguneak eskaintzen duen zerbitzuari esker, kapitulu ofizialak osatzen dituzten bideoez gain zuzeneko emisioak egiten ditugu sakelako telefono batekin, edonon gaudela ere.
  • "Internet, bidaiak eta sare sozialak" izenburupean ikusentzunezko proiekzioekin osatutako hitzaldiak eskaini ditugu. Alegia, istorioa mundu fisikora eraman dugu, Tokitan.tv-ren inguruan sortu den komunitatearekin zuzeneko harremana sustatuz. Hitzaldiotan erabilitako aurkezpena Slideshare webgunean dago eskuragarri.
  • Kapitulu bakoitzak bere argazkiak ditu. Kasurik gehienetan bideoetatik ateratako irudiak dira, baina grabaketek dirauten bitartean ateratako argazkiak ere sareratzen ditugu sare sozialetan.
  • Web telebistako honetako bideoetan entzun daitezkeen abesti eta doinu guztiak lizentzia libreekin ekoitziak izan dira (CC-BY eta CC-BY-SA), Tokitan.tv-ko eduki guztiak bezala. Horrek blogean musikaren inguruko atal bat mantentzea ahalbidetzen digu, bideoetan erabili den musika entzuteko aukera eskainiz.
  • Orain gutxi, Tokitan.tv-ko edukiek errealitate areagotura salto egin dute eta Wikitude nabigatzailearen bitartez daude ikusgai.

Zirkulua ixteko, orain arte sortutako edukiak, edo aurrerantzean sortuko direnak, LTD bidez ikusgai egotea itzela zatekeen. Izan ere, geuk ekoitzitako bideoak HDn editatuak daude. Gainera, aurrerantzean ekoitziko diren edukietako audio eta bideoaren kalitatea hobetzeko aukera ere eskainiko liguke, bideoak telebistako lengoaiarekin bateratzeko.

Zenbait telebistak egitasmo honekiko interesa agertu badute ere, eta telebistako emisioarekin transmedia zirkulua ixteko beraiekin harremanetan egon garen arren, orain arte izandako elkarrizketek ez dute nahi genukeen emaitzarik eman.

Hala ere, ez dugu itxaropena galdu, eta halakoren batean formula hau osatzeko aukera izango dugula espero dugu, orain arte Interneten ikusi diren edukiak telebistan ere emitituz.

Erantzun

Sartu