Sakoneta (7): Epaitegiko idazkariak markaturiko protokoloa jarraitu dute
2010-12-26 10:12
Lehen ertzaina mazoaren eta zizelaren artean zein hartu zalantzan eta bigarrena etxe osteko aztertze-lanean dabilela, bat-batean aditu da oihu ozena:
- Alde hemendik derrepentean! Armatuta nago!
Eta orroaren azken puntu bezala, eztanda moduko bat aditu da: "pun!"
Lurrera jauzi egin dute ate aurrekoek, eta etxe jiran zebilenak pistola atera eta tiroka ekin dio: "pa, pa, pa, pa, pa", baserriko pareta zaharren kontra desarran.
Gero, une bateko isiltasuna, eta isiltasun horretan txorien kantua, tiro-zaparradaren kontrapuntu gisa.
Ertzain biak walkie-talkiekin beren artean:
- Ondo zaudete?
- Bai, gu ondo. Eta zu?
- Ondo.
- Eta tiro horiek?
- Neronek tiratu ditut. Baina lehenago eztanda bat aditu dut.
- Bai. Guk ere bai. Baina ez dakigu zer izan den.
- Zoro hori?
- Seguru asko. Armatuta dagoela esan du.
- Errefortzuak eskatu beharko ditugu.
- Bai, eta gu goazen hemendik arineketan.
Mazoak eta mailuak eta bertan utzita, lurretik altxa eta antxintxika alde egin du lehen ertzainak, etorritako bidetik, obretako enkargatua eta epaitegiko idazkaria atzetik doazkiola, kolorea txuri eta hankak dar-dar. Bigarren ertzaina, etxe aurreko zabaldiari arriskutsua iritzita, etxe osteko partetik sartu da zuhaitz artean, eta haien babesean nola-hala iritsi bidetxidorrera, sasi eta laharren kontrako borrokan ondo markatuta baina.
- Zoro puta!
Erantzunak kargatzen...