Teknologia albisteak

Sakoneta (6): autoa une batez gelditu da errotondan

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2010-12-25 : 10:12

uzt. 2 13:30

Autoa une batez gelditu da errotondan, eta Anttonek motorra gelditu eta ateratzeko keinua egin duen arren, kopilotuaren aldekoa ireki eta bertan sartu da André.

- Motxila maleteroan sartzea nahi...?

- Ez da prexixo.

- Atzeko aldean uztea ere badaukazu...

- Eskerrik asko. Neure gauzak aldean eramatea gustatzen zait.

- Ya.

Motorra martxan ipini du berriz ere Anttonek, neska horrekin konfiantza hartzea uste baino zailagoa izango dela pentsatuz. Ezin etsiko du ordea hasi orduko.

- Musika ipiniko dut?

- Nahi duzun bezala.

- Baduzu gustuko talde bat edo estilo bat edo...?

- Zuk nahi duzuna, berdin zait.

- Gustatzen zaizu Norah Jones?

- Bai, ondo dago.

Norah Jonesen ahotsak (Don’t Know Why) ordeztu du une batez elkarrizketa sortzeko Anttonen ahalegina. Ez dio luzaro eutsi hala ere, berriz ere ekin gabe.

- Gustatzen zaizu kotxea?

- Bai, ondo dago.

- Audi A3 bat da. Badakizu, auto on baten abantailak, baina deportibo txiki baten tamainan, autotzar horien nabarmenkeriarik gabe. Zuk baduzu autorik?

- Ez, ez dut gidatzen.

- Karnetik ere ez daukazu?

- Ez.

- Eta nola moldatu zara, munduan barrena ibiltzeko? Ze, zu toki askotan bizi izandakoa zara, ezta?

Andrék hasperen txiki bat egin du, une batez gogoeta egin eta erabaki du bidaide adeitsua izatea, bestela bidaldia gogorregia izan litekeela eta.

- Los Angelesen bizi izan nintzenean nahiko gaizki, baina bestela arazorik gabe moldatu naiz. Bizilekuz aldatu naizenean abioia hartu dut, edo autobusa hurbil baldin bazegoen. Eta beti saiatu naiz hirietan bizitzen. Erosoagoa da, eta garraio publikoarekin edonora iristen zara.

- Euskadi sakonera joan behar duzunean izan ezik.

Ulertezintasun keinu bat marraztu du Andréren bekozkoak.

- Ez, ezer ez, neure txiste bat zen –bota du Anttonek.

Norah Jonesek kantari segitzen du: Somewhere over the rainbow...

- Eta Los Angelesetik hona etorri zinen?

- Bueno, tartean hainbat lekutan ibili naiz. Londres, Birmingham, Manchester; Frankfurt, Kolonia, Berlin; Milan, Turin, Lyon, Bartzelona...

- Ez zara geldirik egotekoa.

- Toki berriak ezagutzea gustatzen zait.

- Eta jende berria.

- Hori ere bai. Merezi baldin badute.

- Eta gurean luzaroan gelditzekotan, ala bazoaz beste norabait?

- Datorren astean Iruñera.

- Iruñea?

- San Fermin. Eta hortik aurrera, ba, auskalo.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago