Teknologia albisteak
2

Sakoneta (4): "Abiadura Handiko Trena, lehenengo momentutik izan da erokeria bat"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2010-12-23 : 10:12

uzt. 2 11:30

- Abiadura Handiko Trena, lehenengo momentutik izan da erokeria bat -esan dio gizon betaurrekodunak aurrean duen kazetariari.

- Baina azaldu zergatiak. Gure publikoari informazioa falta zaio.

- Hara. Garraioa badakigu zertarako den: pertsonak eta merkantziak batetik bestera mugitzeko, leku diferenteak komunikatzeko. Baina AHTk, lurraldea integratu beharrean, txikitu egiten du. Zuk ikusi duzu nolakoa den gure herria, bertako orografia. Ibar estuak mendi artean, eta oso populatuak, jendez beteak. Ba, jende horrek denak ez du hartuko AHT. Gure muturren aurrean pasatuko da, baina gelditu gabe. Berez, Europako hiriburuak lotzeko dago pentsatuta, hegazkin-trafikoan saturazioa dagoela-eta, abioi-bidaia ez oso luzeen ordez ibilaldi horiek trenez egiteko. Baina horretarako lurra, gu zapaltzen ari garen lurra, jendearen bizilekua den amalurra, gure paisaia, guztiz suntsituz.

- Baina herriak ez ditu ukitzen, inork ez du bere etxea utzi beharko.

- Jakina. Hain beteak daude jada gure bailarak, proiektua mendi artetik eta tuneletatik egin beste erremediorik ez zaie geratu. Baina gure lurraldea txikia da, lehendik ere nahikoa izorratuta dago, eta orain, lehenaz gainera...

- Baina hori ez al da gizakiak betidanik egin duena? Erromatarrek ere obrak egiten zituzten, eta...

- Gizakiak beti aldatu du natura. Eta egia da sentsibilitate ekologikoa nahiko gauza berria dela. Baina lehen, suntsitzeko geneukan ahalmena nahiko mugatua zen, teknologia ez zegoen oso aurreratua. Errepide bat zabaltzen zen mendi bat pasatzeko eta aurrera. Orain, berriz, egundoko tresnak dauzkagu, eta, horrez gainera, jende asko dago obra faraonikoak egitea interesatzen zaiona, zenbat eta handiagoak orduan eta hobeto, horrek dirutza izugarriak mugitzen dituelako. Horren guztiaren ondorioa da AHT; eta, asko oraindik konturatu ez badira ere, gizadiaren historia osoan ez da egon beste proiekturik naturari honek adinako kaltea egingo dionik: mendi osoak eraitsi, zulatu, gorritu; tunelak, zubiak eta akueduktuak; horiek guztiak egiteko harria ere nonbaitetik atera behar, eta harrobiak jo eta ke, mendi gehiago suntsitzen, eta kamioiak atzera eta aurrera, porlana gora eta hondakinak behera, jesukristoren triskantza eginez.

- Jesus! Apokalipsia ematen du horrek.

Erantzunak

Wilson Lepazuri
2010-12-24 : 13:04

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago