Teknologia albisteak

Sakoneta (3): "Querétaro" ipintzen duen t-shirt bat darama jantzita

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2010-12-22 : 10:12

uzt. 2 12:30

"Querétaro" ipintzen duen t-shirt bat darama jantzita. Mexikarra dela esaten duen aldiro, edo hizketan aditu bezain laster, berehala etortzen da galdera:
"DFkoa? Zenbat krimen han, ezta?" edo "Ciudad Juárezekoa? Beldurra emango du emakumea izateak" edo "Chiapasekoa? Zelako errepresioa". Nazkaturik dago narkoez eta corridoez, aztekez eta maiez, Cancún eta Tijuanaz, tekilaz eta chileaz.

"André Belamendia, fotografoa" aurkezten du bere burua, eta topiko mexikarren zaparrada hasi orduko: "Querétarokoa".

Hiriak ez du arretarik pizten. Guanajuato edo Cuernavaca bezain ezezaguna zaio handik barrena ibili ez denari, baina izena deigarria egiten zaio mundu guztiari:

- André? -galdetzen diote-. Neska izanda?

- Andresa bataiatu ninduten berez, baina zuretzat André.

Urteak dira karrera amaierako proiektua lantzera Kaliforniara joan zela, bere herrikide asko bezala; baina, han laketu, asko ikasi eta urte batzuetan pozik bizi arren, ibilaldi luze baten etapa bat besterik ez zen bihurtu egonaldi hura. Munduan barrena eman ditu azken urteak, bere kamera besotik zintzilik, non edo han saltzen dituen argazkiak eginez, edo tokian tokiko komunikabideetan freelancer gisa lan eginez ere bai, hala nola hemen, abizenaren arabera bere arbasoena omen den lurralde honetan, non bere izenak halako irribarreak pizten dituen.

- André? Gizona ez zara izango behintzat.

Badaki bere azal beltxaranak, bere ile beltz sarri eta luzeak, bere gorputzaren formek gizon askorengan pizen duten efektuaren berri, baina nahiago izaten du ez ikusiarena egin. Kamera bat da bera. Ikusle bat. Une bateko errealitatea atzeman eta betikotzen duena. Kamera digitalek eta mugikorretakoek argazkien zenbatekoa nazkatzeraino ugaritu duten honetan are premiazkoagoa deritzo bere lana ondo egiteari: sentiberatasun, zehaztasun eta prestutasunez.

Horregatik hartu du pozez egunkarikoen deia, lan bat daukala eta ea libre dagoen.

- Non?

- Euskadi sakonean. Gustatuko zaizu. Igual hangoak izango ziren zure arbasoak, indio bihurtu aurretik -esan dio Rober zuzendariordeak, adar soinuan.

- Nire arbasoak indioak garbitzen ibili ziren -erantzun dio Andrék modu berean.

Ez batak kontatu dio ez besteak susmatu du ordea lehentxeago erredakzioan izan den solasaldia, nola Antton Lasa sartu den zuzendariordearen despatxuan eta esan dion ados, joango dela Sasiondoko zer horretara, baina fotografo gisa André nahi duela.

- Beste inork ez eta zuk ligatuko duzulakoan? -bota dio jefeak, gogorik gabeko irri mingots batez.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago