Teknologia albisteak

Sakoneta (2): "Zuk daukazuna da bihotz garbia, baina burua zikinkeriaz beteta"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2010-12-21 : 10:12

uzt. 2 13:00

- Zuk daukazuna da bihotz garbia, baina burua zikinkeriaz beteta -esan dio Belenek Naiarari.

- Burua ez, ilea daukat nik garbitu beharra.

Goizean lehentxeago jaiki eta burua garbitzeko plana egin zuen bart, baina iratzargailuak jo duenean aski adorerik ez ohetik ateratzeko eta, azkenean, ilea zinta zabal batean bilduta etorri da gaur ere udaletxera.

"Eskerrak hona etortzen direnak arlote hutsak diren" pentsatu du bere artean, eta pentsatu bezain laster haserretu egin da bere buruarekin, halako pentsamenduak izateagatik.
Gizarte-laguntzailea da Naiara. Immigranteak, drogazaleak, familia desegituratuak... horrelakoak ditu eguneroko bezero.

"Hemen dator lumpena" esan ohi du Belenek, ama ezkongabe bat diru-laguntza eske datorkienean, edo lana galdu duen alkoholikoa, edo bere elbarritasunera egokitutako etxebizitza nahi duena.

Lumpena, tontoak, borderrak, hondakinak... halako perlak bota ohi ditu Belenek, Naiararen lankide eta buruak, beren zerbitzura datozenei buruz.

- Ez esan halakorik, faborez -haserretzen zaio Naiara.

- Zer nahi duzu esatea? Larrialdiko laguntza bideratu diogun tipo horrek, seguru mozkortu eta gero andrea jotzen duela.

- Horiek ere pertsonak dira, gu bezala.

- Kaka ere nire parte bat da, baina komunetik behera botatzen dut.

Betiko kalamatrika izaten dute, baina ez dira benetan haserretzen; azken batean, biak daude "normalen" eremuan, nahiz eta, Belenen ustez, Naiarak joera nabaria izan rollo arraroetarako eta frikiekin ibiltzeko.

Oraintxe bulegoan sartu zaien hau, esaterako: arropa beltz narrasa goitik behera, udako beroa gorabehera hainbat geruzatan kamisetak, elastikoak, leggingak, gonak eta soingainekoak, zintzilikarioak nonahi, belarritako franko eta beste horrenbeste pirtzin, ilea zatika buru arras eta zatika luze, tatuaje-zantzuak bistan geratzen diren larru-printzetan.

- Jo, tia, flipatu egingo duzu -esan dio Naiarari, bulegoan sartu eta inor agurtu gabe.

- Kafe bat hartzera noa, zuk nahi duzu? -esan du Belenek, neska erdi punk erdi grunge hori bistatik galtzeko desiratzen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago