Sustatu logoa Teknologia albisteak

Astelehenetik aurrera, Sakoneta nobelaren atal bat egunero Sustatun

Sustatu
2010-12-17 13:12

Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editorearen Sakoneta nobela laburra argitaratuko du Sustatuk datozen asteotan. Gipuzkoazko Goierrin kokatzen da istorioa, Sasiondo izeneko herri alegiazko batean, Sakoneta baserriaren inguruan. Baserriak eman dio izena Mendigurenen nobelari. Halaxe laburtu du egileak bere obra:

AHTrako desjabeturiko baserri bateko bizilagunak uko egiten dio etxea uzteari, aurre egiten die ertzainei, eta hor sortzen den kalapita: ertzainek etxea inguratu, ekologista solidario batzuek elkartasun-kanpamentu bat muntatu, kazetari eta politikoak ere agertzen dira... Guztia, 22 ordutan zehar, 2010eko uztail hasieran.

Mendigurenen nobela laburrak 48 atal ditu. Egunero atal bana argitaratuko du Sustatuk astelehenean hasi eta otsailaren 5era arte, Santa Agedarekin.

Atalak goizeko 10etan argitaratuko dira opor sasoian eta baita hemendik otsailera arteko asteburuetan. Gabonetako oporren ondoren eta astean zehar, berriz, arratsaldeko 5etan argitaratuko dira atalok.

Nobelaren atal guztiak Sakoneta gaiarekin antolatuta egongo dira eta, beraz, atal horretatik jarraitzeko aukera izango da.

Xabier Mendiguren egileaz

Xabier Mendiguren Elizegi Beasainen jaio zen, 1964an. Horrela definitzen du bere burua Nire uste harroan blogean:

Filologoa formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz.

Mendigurenek hainbat narrazio eta nobela lan argitaratu ditu eta Sustaturekin kolaboratzen du, Zinemaldiko lanen kronikak egiten, besteak beste.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu