Sakoneta (1): Euskadi sakona aipatzen duen hurrengoari, ostia pare bat!
2010-12-20 10:12
Hala ere, bere ustetan simaur usainetik urruti eta aparte ibili arren, jatorria ez dago guztiz ezkutatzerik, eta Sasiondon gertatzen ari den istiluaren berri iritsi denean azkar asko atera da Anttonen izena erredaktore-buruen bileran.
Antton ez dago bilera horretan, nagikeriaz edo alferkeriaz erredaktore soil bihurtua baitago aspaldian, garai bateko ardurarik gabe baina orduko soldata-mailari eutsiz. "Gerrako zaurien kalte-ordaina" erantzun izan du, irri makur batekin, baten batek bere lankide gazteagoekiko koska ekonomikoa gogorarazi dionean.
Saileko arduradun Josunek azaldu dio Anttoni egitekoa; beldur apur batekin joan zaio, emakumezko batzuek gizaseme helduagoen aurrean izan ohi duten izu atabiko horrengatik beharbada, baina tente eutsi dio zakur zaharra zaunkaka hasi zaionean:
- Halaxe erabaki da erredaktore-buruen bileran.
- Mierda horietarako ez al dauzkagu ba bekarioak?
Ozen esan du, eta Antton bera ere ohartu da bere hanka-sartzeaz, inguruko gaztetxo esplotatu guztiak berari begira sumatu dituenean. Borrokaldia irabazia daukanaren patxadaz mintzatu da Josune, eztabaida hura razionaltasunaren esparrura itzultzeko argudioak emanez:
Oker ez banago, zu inguru hartakoa zara; euskaraz ondo egiten duzu; eta erredakzio osoan ez dago inor Euskadi sakona zuk bezain ongi ezagutzen duenik.
Hortik aurrera, mendekurako bidea zabalik ikusi dute lehentxeago irainduta sentitu diren bekario guztiek, eta aitzakia-behar handirik gabe hasi zaizkio zirika, hemendik bata eta handik bestea: "Zer: noiz zoaz Euskadi sakonera?". "Arriskuen mapa prest izango duzu Euskadi sakonera zoazenerako". "Egunen batean txango bat egin beharko genuke Euskadib sakonera, zu gidari zarela".
Halako batean lehertu egin da Antton, eta orduan etorri da bere purrustada: "Euskadi sakona aipatzen didan hurrengoari, ostia pare bat!".
Erantzunak kargatzen...