Izendatu dituzte talde irabazleak First Lego League Euskadi robotika eta ikerketa txapelketan
Larunbatean ikusitakoaren arabera, EAEtik bost talde joango dira Bilbora, 2011ko otsailean, jokatuko den estatu mailako finalera; Nafarroako ordezkariak, bestalde, aukeratuko dira abenduaren 19an egingo den txapelketan.
Hauexek dira Zamudion sailkatutako bost taldeak:
- Arizmendi-Ikerlan (Arizmendi Ikastola. Arrasate). Debagoienekoa txapelketako talderik onena izan zen. Robota bikain kontrolatzeaz gain, epaimahaikideek oso ondo baloratu zuten eramandako proiektu teknologikoa: dastapena kaltetuta duten pertsonentzat mingain protesikoa. (Goiko argazkian, arrasatearrak zuriz jantzitakoak dira; elastiko berdedunak, aldiz, dira Debagoienetik sailkatutako beste taldeko kideak, Leintz Gatzagakoak).
- Prototype (GUREL guraso eta euskara elkartea. Leintz Gatzaga). Gatzagarren kasuan saritu dituzte, bereziki, taldekideen gaztetasuna (12 urte) eta aurkeztutako proiektua. Gatzagarrek garatu zuten elbarrituen bizimoduan hobetzeko egitasmoa, zehatzago esateko, gurpil-aulkidunek herrietan duten bide eta gune egokituen mapa egiteko ideia, beti ere, horretarako Internet eta software librea erabilita. Blogean kontatu dute prozesu guztia.
- Overclock Axular (Axular Lizeoa. Donostia).
- Laurobang (Lauro Ikastola. Loiu).
- LSBideluze (La Salle Berrozpe Ikastetxea. Andoain)
Naziarteko lehiaketa da FLL, eta aldi berean, 400 txapelketa baino gehiago egiten dira munduan barrena. Europako finala, Herbeheretan jokatuko da, eta, azkenik, munduko finala AEBko Saint Luis hirian.
EAEn, Euskaltelek eta Innobasquek antolatzen dute txapelketa, eta aurtengoa, gurean egin den bigarren aldia izan da.
Zamudion hartutako irudiak ikusteko egin klik hemen, hemen eta hemen.
Oharra: Mezu hau argitaratzerakoan, gaztelera hutsean dagoen FLL Euskadi webgune ofiziala eguneratu barik zegoen, eta ezin izan dugu zehaztu zeintzuk diren Overclock Axular, Laurobang eta LSBideluze taldeen proiektu zientifikoen nondik norakoak.
Erantzunak kargatzen...