Sustatu logoa Teknologia albisteak

Eroski, entrekotak eta matematika apur bat

Haritz Rodriguez
2010-12-14 09:12

Dendara iritsi eta berehala aurrez aurre egin dut topo eskaintzarekin. Eroskiko arraina eta haragia ez ditut gehiegi estimatzen, baina aitortu behar dut entrekot horiek erosi ohi ditudala, primerakoak iruditzen zaizkidalako.

Bi aldiz pentsatu gabe, berehala hartu dut pare bat bandeja. Zalantza ere sortu zait. 2 bandeja 1en prezioan eskuratuko ditudala agindu didate, baina guztiek ez dute pisu berbera. Kiloa 5,48 euroan kobratuko didatela jartzen duenez, halaxe izango dela pentsarazi diot nire barrenari.

Beste erosketa batzuk ere egin ditut. Txipiroi begi-handiak prezio onean, "Natur" oilaskoa ere merketuta... Pozik joan naiz kutxazainarengana, erosketa ona egin dudalakoan.

Ez da Eroskin eskaintzaren bat erosi eta, dendatik alde egin ondoren, ordainagiria errepasatzerakoan, behar baino gehiago kobratu didatela konturatzen naizen lehenengo aldia. Adi-adi egon naiz, beraz, entrekotak ze preziotan kobratuko dizkidaten ikusi arte zain.

Bada ezpada ere, galdetu egin diot kutxazainari:

-Entrekotak prezio erdian aterako zaizkit, ezta?

-Bi baten truke. Garestiena ordaindu eta merkeena oparituko dizugu- erantzun dit neskatoak.

-Baina... sarreran daukazuen kartelak dio kiloa 5,48 euroan kobratuko didazuela. Ez, ordea, fakturan bien artean merkeena deskontatuko didazuela.

-Bada, orain arte halaxe egin dugu. Nahi baduzu, bezeroen arreta zerbitzura joan zaitezke. Hor kanpoan, aurreraxeago.


Argazkiak.org | Eroski, entrekotak eta matematika apur bat © cc-by-sa: xuriken

Esan eta egin. Amorrua eragin dit eskaintza iragartzen duen kartelean zerbait agindu eta errealitatea beste bat dela ohartzeak. Aldea ez zen handia, hartu ditudan bi bandejak antzerako pisua baitzuten. Baina kontua ez da zentimo batzuk aurreztea, publizitate engainagarria onartezina dela baizik.

Arretarako zerbitzuan beste neska batekin hitz egin dut. Saiatu naiz azaltzen, baina ez du ulertu, edo ez du ulertu nahi izan. Eta sail arduradunari deitu dio. Harekin ere arrazoitzen saiatu naiz, baina ezinezkoa egin zait.

-Ea... sarreran duzuen kartela ez da argia. Bi baten truke jartzen du, baina, halaber, kiloa ze preziotan aterako zaigun ere zehazten du. Eta niri, azkenean, entrekotak ez zaizkit prezio horretan atera...

Honek ere ez zuen ulertzen, edo ez zuen ulertu nahi. Ezetz eta ezetz. Hor bi baten truke jartzen duela, ea Eroskiko ohiko bezeroan naizen eta ba ote dakidan normalean eskaintza hori egiten dutenean prezio baxuena duen produktua deskontatzen dutela.

Eta nik baietz, maiz erosten dudala Eroskin. Baina kontua ez dela hori. Ez dela ze ohitura duten eskaintzak egiterako orduan. Hor kiloari prezio bat jarri diotela, baina sistema horrekin beti garestiagoa aterako dela. Sakelako telefonoa atera eta kalkuluak egin dizkiot. Esan diot nire asmoa ez dela diru hori itzul diezadaten, azken finean ez baita eurora ere iristen. Baina ohartarazi nahi izan ditudala, publizitate engainagarria dela, komunikazio hori nahasgarria dela kontsumitzailearentzat.

-Baina... Bi bandejek ez dute inoiz pisu berbera- esan dit.

-Hori da, bada, gakoa!-erantzun diot.

Berak ezetz eta ezetz, oker nagoela. Ez dudala arrazoirik. Eta nik, tematuta, matematikan finago dabilen arduradunen bat ba ote dagoen galdetu diot. Beste arduradun bati deitu dio orduan. Eta horri ere ulertarazten saiatu naiz. Baina alperrik.

Demagun bi bandeja hartu ditugula. Lehenengoak 1.000 gramoko pisua du (kilo bat), eta bigarrenak 100 gramo. Lehenengoak 10,95 euro balio ditu, eta bigarrenak 1,095. Ordaintzerako orduan bigarrena debalde ematen badidazue, 1.100 gramo entrekot eramango ditut etxera, baina 10,95 euro ordainduko ditut. Beraz, kiloa 9,95 euroan aterako zait, ez 5,48 euroan. Hiruko erregela sinple bat.

Azkenean atsekabetuta joan behar izan naiz etxera. Lau lagunekin hitz egin dut, eta ezinezkoa egin zait bakar bati ere ulertaraztea. Esan didate ohartaraziko dutela beste arduradunen bat. Eta nire buruari galdetu diot: "Eroskiko finantza buruari deituko ote diote txikikeria hau uler dezan?"

Etxera bidean, sakelakoa atera eta kartelari argazkia ateratzea bururatu zait. Eta zinpeko zaintzaileak (kanpotik ekarritako poltsak prezintatzen dituenak) ohartarazi dit ezin dela argazkirik atera. Zorionez, ordurako egina nuen. Espero dut datozen egunotan kartel hori aldatzea eta gauzak behar bezala adieraztea, kontsumitzaileak engainatua sentitu gabe aukera dezan.

Egia da Eroskin salgai dituzten bandejen artean ez zegoela halako diferentziarik pisuari dagokionean. Baina 200 gramoko aldea izanda ere, publizitate hori engainagarria da. Edo, hobe esanda, kartel horretan jartzen duena gezurra da, gezur galanta.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu