Teknologia albisteak
2

Curling eta Snooker, kirol geometrikoak

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2010-12-10 : 09:12

Neuk bezala Eurosport badaukazue zuen telebista kateen aukeran, asteburu honetan kirol jardunaldi faszinante batzuetarako presta zaitezkete! Snookerreko Erresuma Batuko txapelketaren amaiera eta Curlingeko Europako Txapelketetako finalak tokatzen dira. Kirol geometrikoen miresleontzat, zer hoberik?

Telebistaren aurrean orduak pasatzeko modu aspergarriagorik ez dagoela pentsatuko duzue, baina neu faszinatu egiten naute kirol geometriko hauek. Geometrikoak direla diot, edo are gehiago, topologikoak direla esan dezakegu, angelu, marra, norabide, eta indar, abiadura eta efektuen artean garatzen diren jokoak baitira, fisikarekin zerikusia dutenak, nolabait.

Snooker

Snooker, billar modu bat da, sei zulo dituen mahai handi batean jokatzen da, 15 bola gorri daude, eta kolorezko 6, gehi tiro egiteko bola zuria. Takadak hasten dira beti bola gorriarekin, eta txandaka, gorri eta kolorezkoak sartzen joan behar duzu. Gorria zuloa jausiz gero, ez da berriz irteten; kolorezkoak bai, bakoitza bere posizio zehatzera itzultzen da (puntu hori okupatua badago, arau bitxiak aplikatzen dira). Gorri guztiak sartuta daudenean, kolorezkoak ordena zehatz batean zuloratu behar dira, oraingoan berriz kanpora irten barik. Gorria zuloratzeak puntu bat ematen du, kolorezkoak puntuaketa desberdina daukate: horiak 2, berdeak 3, marroiak 4, urdinak 5, arrosak 6 eta beltzak 7.


Creative Commons Aitortu © cc-by: Maciej Jaros, Wikipedia

Tiro bakoitzean, tokatzen den bola (dela gorria edo kolore jakin batekoa), derrigor ukitu beharra dago. Beste bola ukituz gero, batere ez, edo zuria zulora sartuz gero, falta da. Faltak ere bi motakoak izan daitezke, fault edo miss eta batzuetan ondorioa izan daiteke free ball bat jaurtitzea; baina ñabardura hauek esplikatzeko tesi bat idatzi beharko nuke: urteetan Snooker ikusten Eurosport-en ikasi dut nik.

Txandaka gorri-kolorezkoak sartuz, kolorezkeoa beti beltza aukeratzen baduzu eta takada konpletoa egiten baduzu, lehen tirotik azkenean kolorezko guztiak sartu arte, puntuaketa gorena lortzen ahal duzu: 147. Maximum edo Maximum break esaten zaio honi, eta zenbait aldiz baizik ez da gertatu historian (free ball-aren arauaren ondorioz, maximo handiagoak posible dira, dena den, eta baten batzuk gertatu izan dira).

Hor gorago itsastitako bideoan, maximum bateko jokaldia, aurtengo irailean Ronnie O'Sullivan-ek egindakoa. Jokaldia mirestekoa da, baina polemika ere badu, Ronnie makarra hutsa delako, eta aurtengo arauetan 147 bat egiteagatiko diru-sari berezia ezabatu egin dutelako. Une jakin batean jokoa gelditu zuen Ronniek epaileari galdetzeko ea diru-sari berezirik bazegoen (bazekien ez zegoela, baina epaileak, dena den, baieztatzen dio informazioa), orduan, azkenean, bola bakarra geratzen zaion, 140 punturekin, alde egiteko imintzioa egin zuen O'Sullivan-ek, eta epaileak berak eskatu zion, arren, zaletuengatik, sar zezala azkena: amorruzko keinu batean tiro egin eta bai, sartu zuen. Jokaldi honek BBCko foroetan piztutako mezu-trukeak Veleiakoak Sustatun baino sutsuagoak izan dira.

O'Sullivan jeinu bat da, baina badaude beste hainbat jokalari jokatzen ikusteak gustua ematen dutenak: Stephen Hendry eskoziarra, historiako palmaresik onenaren jabea; Neill Robertson oraingo munduko txapeldun australiarra; Ding Junhui gazte txinatarra...

Curling

Kirol hau ez zait horrenbeste gustatzen du, baina tira, ezaugarri geometriko horiek partekatzen ditu billarrarekin. Hala ere, petankarekin traza gehiago du, noski. Izotz gainean jokatzen da, ez bolekin, granitozko harri landu batzuekin baizik.

Hamar tiradatan, talde bakoitzak 8 harri botatzen ditu, eta azkenean, dianatik gertuen dagoenak irabazten du: diana barruan, talde batek erdigunetik gertuen duenak puntu bat dauka, bigarren gertuena (edo hirugarrena, N-garrena...) dagoena ere talde berekoa bada, beste puntu bat; beste taldekoa bada, kito.


Erabilpen librekoa: Bana Peti, Wikipedia

Euskal Herrian curling-a praktikatzen da. Mutrikun badago talde bat. Snooker inork jokatzen duenik ez dakit, nik ez dut Snookerreko billar mahairik inon aurkitu.

Kirol hauetan partidak luze joan daitezke, batez ere Snookerrean. Baina grabagailua baduzu etxean, lasai erabil dezakezu. Grabatutako txapelketa oso bat, hurrengo egun eta asteetan apurka-apurka ikustera ohitu naiz, batzuek telesailak saretik jaitsi eta bere aukeren araberako dosietan kontsumitzen dituzten bezala. Ez da izaten arriskurik final bat jokatu denean, zuzenean ikusi barik grabatu duzularik, biharamunean inork bulegoan emaitza zapuztuko dizunik, hala nola Barça-Madrid bat balitz furbolean.

Erantzunak

Iker Gurrutxaga Zubimendi
2010-12-11 : 03:19

Nik ere orduak eman ditut bi kirol hauei begira Leioan igaro ditudan urteetan.



O'Sullivanek makina bat erakustaldi eman ditu eta nire iritziz, zalantzarik gabe bera da historiako Snooker jokalaririk onena.



Curling-a ere miresteko moduko jokoa da. Maisua izan behar da bai harrien eta baita norberaren gorputzaren jokabideak ezagutzeko.



Tamalez, orain etxean ez daukat Eurosport eta ez ditut ia bat ere jarraitzen kirol hauek.

Luistxo
2010-12-11 : 14:05

Arrazoi duzu Iker. O'Sullivan onena da. Baina makarra hutsa ere bai, eta aurten, hain zuzen, bera tartean dela, enpresari talde batek jokoaren aldagai bat asmatu dute, Power Snooker,
billar estilo honen ahaide makarra deitu dezakeguna.


Bola gutxiago dago, eta arauak desberdinak dira. Ez dira frameak jokatzen, baizik eta puntuak. Minutu jakin batzuetan, puntuek balio bikoitza dute, power tarte bat irekitzen delako power ball gorria sartzen denean (gorri gutxiago dago, eta batek marka berezia du). Baita beste ñabardura batzuk ere. Horrez gain, epaileak emakumezkoak dira, eta publikoak zarata ateratzeko baimena du.


Momentuz, txapelketa bakarra jokatu da, Londresen, eta O'Sullivan izan zen garaile. Eurosport-en eman zuten, eta ikusteko zortea izan nuen. Horra, Ding Junhui-ren kontrako final horren zati bat.



Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago