Teknologia albisteak

EHUko irakasle kaleratuei buruzko dokumentala aurkeztuko dute Durangon

Erabiltzailearen aurpegia
UPVko irakasle kaleratuen sostengu batzordea
2010-12-05 : 11:12

Laster beteko dira hemeretzi urte UPVko zenbait irakasle kaleratu zutela. Haietarik batzuek oraindik segitzen dute beren pankarta errebindikatzailearen atzean, UPVko campusaren atarian, egunero. Horien borroka eta pentsamendua hedatzeko asmoarekin, Kazetaritza Fakultateko bi lizentziatuk dokumental bat prestatu dute. Estreinaldia gaur da, igandea 5, Durangoko Gaztetxean.

Hurrengo emanaldia, abenduak 8, Durangoko San Agustin kulturgunearen antzokian, 17.00etan.

Dokumentala euskarri digitalean –dvd-n, alegia– eskuragarri egongo da luzagabe. Zehatzago esateko: Durangoko gaztetxean egingo da aurkezpena eta Azokan salgai izango da, “Egunero” titulupean.

Irakasle Despedituen Sostengu Batzordetik biziki gomendatzen dugu filma hori ikustea. Gaur egungo munduan norberekeria, lehiakortasun kupidagabea eta “salba dadila ahal duenak” gailentzen ahalegintzen diren unean, giza-balio interesgarrien ereduak eskaintzen dizkigu bideo horrek.

Dokumental hori irakasle despedituen eguneroko bizitzara hurbiltzen ahalegintzen da. Haien eta elkartasunez laguntzen dituztenen erretratuen bitartez, beren ideiak, hausnarketak, bizi duten gatazka luzeaz, unibertsitateaz, elkartasunaz eta konpromiso militanteaz aritzen da filma.

Agertzen diren irudiek kontaketa ilustratzeaz gain gordintasun osoz erakusten dute komunitate unibertsitarioak eramandako borroka hau zein egoeratan garatu zen. Argi ikusten da unibertsitateko agintariek, komunikabideek, boterean zeuden politikariek, epaitegiek eta Polizia desberdinek zer nolako bortizkeria erabili zuten mugimendu hau bertan behera moztu zedin.

Dokumentalak borroka paregabe honen lorpenak eta porrotak erakusten ditu. Baina batez ere, horretan iraun zutenen tematzea, eta arrakasta, eskatzen zutena onartu eta irakasle berriak sortzen hasi zirenean.

Filma irakasle kaleratuen militantzia, helburuak eta pentsamenduak beste borroka batzurekin lotzen saiatzen da, haien artean dauden lotura estuak bistan utziz. Horrekin konpromiso militantearen izaera unibertsala erakutsi nahi da, gatazka lokal batetik hasita milaka kilometrora dauden beste militanteen ahotan duen eragina errepara daiteke eta. Ohar honekin irakasle despedituei gure ezagutza eta elkartasuna adierazi nahi diegu, eta gure esker ona hain lan eskerga, sentitu eta ederra egin duten zinegile gazteei.

Informazio gehiago: egunero.net

Erantzun

Sartu