5 minutuko errorea Antena3en, ustez nahita egindakoa
Hor goiko bideoa zati bat besterik ez da. Hainbat minutuz eman zuten errorea, 22.33etatik 22.38etara. Harrigarria egiten zen Antena3en tamainako telebista kate batean horrelako akatsa inork ez zuzentzea. Beste bideo honetan ikus daiteke lau minututik gorakoa izan zela akatsa.
Begizta bat da hori. Programazioan, begizta bat errepikatu egiten den sententzia sorta bat da. Baina kasu honetan, akats bat dela dirudi: DVDa apurtu izan balitzaie bezala.
Ohar ofizialean Antena3ek Abertis enpresari leporatu dio errua, eta Abertisek publikoki onartu du bere errua izan zela. Sharea ere galdu zuela esan dute egunkari batzuetan, baina lagunen batek esan dit erroreak iraun zuen bitartean hainbat laguni deitu ziela Antena3 jar zezaten, erroreaz barre egiteko.
Akatsa delakoan, zappingetan irtetzen ari da, katxondeoko kantua sortu diote, Twitterren mezu uholdea #mequemariapordentro hashtagarekin eta beste hainbat txantxa. baina ez nuke esango akatsa izan denik: nire ustez Antena3 telebistaren kanpaina bat da. Kasualitatea, astearteko kapituluan pertsonaietako bat pirateriaren aurka azaltzen da:
Susmagarria da, horrez gain, astearteko bideoak antena3.com webgunean ikusten badituzu, horrelako mezu bat aurkitzea:
Pirateriarekin, kultura hil egiten da. Eskerrik asko kapitulu hau modu legalean ikusteagatik. Sortu kultura. Antena 3 taldearen ekimen bat.
Susmoak gehiago pizten dizkit Antena3 telebistak bonboa ematea akatsaren inguruko txisteei eta, hau esango nuke dela pista garrantzitsuena: asteartean bertan, Fisica o Quimica saioan, iragarki labur-labur bat sartu zuten "pirateriaren" kontra, zeinetan azaltzen zen kalitate eskaseko irudi bat telesailekoa, gisa honetako galdera batekin:
Imaginatzen duzu telebista horrela ikusi behar izatea?
Eta, memoriak ez badit huts egiten behintzat, horren ondoren pirateria aipatzen zuen.
Agian susmo larregi izatea da, baina begizta horretan errepikatzen den esaldiak ere ematen dit zer pentsatua. Me quemaría por dentro (barrutik erreko ninduke), esango nuke baduela esanahi zeharkako bat.
Alegia, eta nire konklusioak bide txarretik ez baldin badoaz behintzat, Antena 3ek bere ikusleak behartu ditu 5 minutuz akats bat jasatera zertarako eta gainera (!!!) piratak direla entzun behar izateko. Susmoak hauek bide onetik baldin badoaz, jakingo dugu egun batzuk barru.
Erantzunak kargatzen...