Araban praktika koreografiko garaikideak egiteko interesa dutenentzat topaleku eta trebakuntzako foro izateko asmoz sortu da Gorputz Egoerak proiektua. Espe López, Mónica Valenciano eta Raquel Sánchez nabarmendutako sortzaileek zuzenduko dituzte lehenengo topaketa-tailerrak abenduan eta urtarrilean.
Betoñon (Gasteiz) duela hilabete gutxi egoitza berria zabaldu ondoren, KREA Adierazpen Garaikideak, Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzaren proiektu kulturalak, lankidetza-sarea hedatzen jarraitzen du tokiko hainbat kultur eragilerekin.
KREA Adierazpen Garaikideko zuzendari Araceli de la Horrak eta Azalako zuzendarikide Idoia Zabaletak hitzarmena sinatu dute, praktika koreografiko garaikideetan prestakuntza bultzatzeko eta haietara hurbiltzeko xedearekin. Sorkuntza eszenikoaren ikerketarako, sustapenerako eta hedapenerako sorkuntza-eremua da AZALA eta Idoia Zabaleta eta Juan González arabarrak ditu buru.
Bi kultur proiektuek baterako tailerrak eta topaketak sortuko dituzte, besteak beste, gai hauen esperimentazioa lantzeko: koreografia, geografia, testuingurua, denborazkotasuna, obra, prozesua, ikuslea, xedea, ideia edo ikusgarritasuna.
Urteko iraupena du hitzarmenak eta luza daiteke. Bertan, bi alderdiek dantza garaikidearekin zerikusia duten hainbat lan-ildotan lankidetzan jardungo dutela eta elkarren aholkularitza jasoko dutela finkatu dute. Araban sorkuntza eszenikoa gustuko duten guztiei laguntza emateko egitura egonkorra sortzea izango da horren helburua.
Gorputz Egoerak Arabako bi sorkuntza-eremu elkartzetik sortutako programa da, praktika koreografiko garaikideetan prestakuntza-proposamenak elkarrekin garatzeko xedea duena.
Programako lehen jarduerak abenduan eta urtarrilean kultur sektoreko profesionalei zuzenduta koreografoak, dantzariak, aktoreak, performerrak eta idazleak, besteak beste egingo diren bi tailer trinko izango dira.
Bi ekimenak Lasierran (Araba) kokatutako AZALA sorkuntza-eremuan garatuko dira. Tailerrek formatu trinkoa dute, eta irauten duten artean bertan ostatu hartzea jasotzen du, kontzentrazioa areagotzeko eta ikastaroak aprobetxatzeko, baita prestakuntzan parte hartuko duten profesionalekiko harremana errazteko ere.
Espe Lópezek abenduaren 26tik 30era zuzendutako Zoria, auto-fikziorako tresna da lehen tailerraren izenburua. Izen handiko sortzaile honek Genevan, Frantzian eta Espainian jaso du nagusiki prestakuntza, Legaleón-T Teatro konpainiako sortzailekidea izan zen, eta gaur egun nazioarteko biretan hartzen du parte L'Alakran konpainia suitzarrarekin, Oscar Gómezekin batera.
Gorputzarekin idaztea: mugimenduaren gramatika da bigarren proposamenaren izena. Urtarrilaren 3tik 8a bitartean izango den tailer trinkoa El Bailadero konpainiako Mónica Valenciano eta Raquel Sánchez sortzaileek zuzenduko dute. Kanariar jatorriko koreografoak, Mónica Valencianok, ibilbide zabala du dantza garaikideko sortzaile moduan. Raquel Sánchezek, bestalde, muntaiak zuzendu ditu, bai helduentzat, bai haurrentzat, Estate quieta lanarekin produkzio onenaren Max saria jaso zuen, eta gaur egun Cuarta Pared-eko irakasle taldean aritzen da.
Interesa dutenek izena eman ahal izango dute, plaza kopurua bete arte, orrialde honetan eskuragarri izango duten izen-emate orriaren bidez: www.kreared.com. Izen-emate orria Postas 17ko KREAren egoitzan edo info@kreared.com helbidean entrega daiteke. Espe Lópezek zuzendutako tailerraren prezioa 80 eurokoa da 65 euro, Caja Vital Kutxaren txartelekin, Mónica Valencianok eta Raquel Sánchezek zuzendutakoarena, berriz, 90 eurokoa da 70 euro, Caja Vital Kutxaren txartelekin; biak dira ostatua barne.
Erantzun
Sartu