Teknologia albisteak

Euskal kostaldeko Geoparkeak UNESCOren onespena jaso du

Erabiltzailearen aurpegia
Geogarapen
2010-12-23 : 08:12

Deba, Mutriku eta Zumaiako udalek aurkeztutako hautagaitzak UNESCOren eta Geoparkeen Europar Sareko Koordinazio Batzordearen onespena jaso du. Erabakia duela aste batzuk eman zen ofizialki jakitera Greziako Lesbos irlan egin zen Europar Geoparkeen 9. Biltzarrean.

Izendapen hau hamar urte luzez Geoturismoaren inguruan eta, batez ere, Flyscharen ibilbidearen inguruan egindako lanaren ostean etorri da. Urteetako lan eskergari egin zaion aitorpen garrantzitsua da honakoa, baita proiektu berriak abian jartzeko abiapuntu interesgarria ere, ez ikerkuntza zientifikoaren arloan soilik, baita turismo, kultura, tokiko garapena edota ingurumenari begira ere.

Geoparke bat bere ondare geologikoagatik nabarmentzen den lurraldea da. Ondare geologikoaz gainera, beste ondare-elementu batzuk ere oinarri hartuta (kulturalak edo naturalak), lurralde honek tokiko garapena bultzatzeko estrategia sustatzen du.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak 90 m karratuko zabalera hartzen du eta 19.700 biztanle biltzen ditu. Lurralde honetan bi eremu ezberdindu daitezke: bata kostaldekoa, Mutriku, Deba eta Zumaia arteko Flyscha nagusi delarik; bestea barnealdekoa, Gipuzkoa osoan barrunbe kopuru gehien batzen dituen lur-eremu karstikoa. Bertan Ekaingo koba da azpimarratzekoa, Gizateriaren Ondare izendatua.

Alor ezberdinetan egindako lanaz gainera, horren lurralde txikian halako aberastasun eta ondare geologikoa biltzeak lagundu du gure kostaldea Geoparkeen Europar Sarean sartzea eta Unescoren onespena. Eskertzekoa da baita ere bertako nahiz estatu mailako hainbat erakundek erakutsitako babesa.

Euskal proposamenarekin batera, Geoparkeen Europar Sareak beste zazpi hautagaitzen eskaera jaso zuen eta horietatik bost onartu ditu: euskal kostaldeaz gainera, Sarean sartu dira Italiako bi Geoparke, Greziako bat eta Finlandiakoa bestea.

Egun, Geoparkeen Europar Sareak 42 lurralde biltzen ditu Europa osoan; Geoparkeen Sare Globala 77 lurraldek osatzen dute.

Erantzun

Sartu