Teknologia albisteak

Zer dugu Azkue Fundazioaren alde eta aurka?

Erabiltzailearen aurpegia
Euskaltzale 2.0
2010-11-29 : 09:11

Lehenik eta behin esan beharra dago Azkue Fundazioak hutsune bat betetzera etorri dela maila instituzionalean. Hau da, euskarak zuen lekua sarean handitzera erakundeen laguntzarekin, erabiltzaileok izaten ez dugun zerbait eta guztiz beharrezkoa dena nire aburuz. Eta hemendik aurrera ia dena kritikak izan daitezkeela ezin dut ukatu, baina berriro diot Azkue Fundazioa beharrezkoa ez ezik ekimen interesgarriak bideratu ditu eta euskararen presentzia sarean bultzatzeko ezinbesteko tresna izan daiteke.

Aldez aurretik esan behar dut post hau egun batzuk barru idatzi nahi nuela #azkuefacts delakoaren inguruan, hala nola azkenaldi honetan Azkue Fundazioak sustatu dituen zenbait ekitaldiri buruz. Baina Patxi Gaztelumendik ZuZeun eta Sustatuk gaia plazaratu duenez ez naiz atzean geldituko, ezta?

Bere mementuan adierazi bezalaxe Wikiplazaren gaiarekin hanka sartze nabaria egin zuten, hala adierazi zuen bai Janfri wikilariak zein nik (blog zaharrean). Wikilariok egiten dugun lana txikia bada ere ezin dute eurentzat jarri, ados nago baina ezin ukatu ezta ere Iñaki Ugarteburu txapelketarekin bultzadatxo bat eman ziotela eu.wikipediari. Txikia, ados, gehiengoa ez dira geratu, ni neu aldez aurretik wikilaria izan nintzen (beste erabiltzaile batekin), baina besteek ez bezala zerbait egin zuten.

Edonola ere nik zailtasunez uler ditzaket ordenagailurako jokoak euskaraz sortzeko grin hori, ez diot zentzu askorik ikusten eta neure aburuz patronatuak horren inguruan zerbait esan beharko luke: waka-waka jokoa eta Kaixo Frankie-k ez dute euskararen erabilpenaren alde gehiegi egiten. Nik hiru ideia emango dizkiet honen inguruan eta musutruk:

  1. Facebook eta Tuenti bezalako sare sozialak euskaraz erabiltzeko kanpaina: ez da oso garesti ateratzen eta bietan oker ez banago Azkue Fundazioak presentzia du, talde edo orrialde bat sortzeak ez die lan gehiegi suposatuko
  2. Google, Twitter eta Wordpress bezalako tresnen itzulpenenean lagundu (Librezale.org-k egiten duen moduan) eta itzulpenak kolektiboki egiten direnean (alegia, erabiltzaileek berak) itzultzaileak lortzeko kanpaina egin
  3. Euskara hutsean dauden sareak eta tresnak ezagutaraztea: zuzeu eta blogari adibidez.

Ezin ukatu helburu altuegiak jarri zituztela fundazioaren sorrerarekin 78.000 sarrera eu.wikipediarako asko dira eta Jakintza Librearen Jardunaldiez gain ez da askoz gehiago egin honen sustapenerako. Beraz ona hemen wikilari eta blogari xume baten gomendioak eta proposamenak:

  1. Euskarazko wikipedian editatzen ikasteko bideo tutorial bat sortu (laguntzeko prest nago honetan) eta youtube-n jarri
  2. Zientziaren astea dela eta urrengo urtean Juan Ignacio Perez, Kultur Zientziaren Katedraren zuzendariarekin hitz egin unibertsitate mailan ikastaro bat egiteko (on-line) eta ondoren txapelketa serio bat antolatzeko zientzia artikuluen inguruan wikilarien laguntzarekin eta administratzaileak abisatuz (ezinbestekoa!)
  3. Euskal Herriko eskola eta ikastola ezberdinetan eu.wikipediaren erabilpena bultzatu kanpaina antzeko sistema baten bitartez baina erabiltzaileak kontzientziatuz, nola lan egin eta nola ez erabili irakatsiz. Bideo tutorial baten bidez erraz da.
  4. Euskaraturik dauden programak open office eta bestelakoak erabiltzeko beste kanpaina bat egin, jende askok ez daki euskaraz dituela, baita messenger ziztrina ere! eta xuxen-aren erabilera eta instalazioa azaldu.
  5. Euskal blogariak biltzeko jardunaldi batzuk antolatu, ahal den heinean jai egun batean, blogari gehienak ikasleak, langileak edo irakasleak baitira. Gabon partean ez legoke gaizki ;)
  6. Erabiltzaile, blogari, wikilari, sareko itzultzaile, zuzeulari, etab.ek osatutako lan talde bat egon beharko litzateke brainstorming moduan Fundazioari ideiak berriak emateko.

Amaitzeko azken iruzkin bat, ezinbestekoa da Gipuzkoa eta Arabako aldundien parte hartzea Azkue Fundazioa, indarrak batu egin behar dira kasu hauetan eta ezin da soilik Bizkaiko Aldundia izan laguntzen duena. Hemen denek lagundu behar dute, baita Eusko Jaurlaritzak, arrazoi politikoak medio zail egon daitekeen arren.

P.D: Berriro errepikatu nahiko nuke, argi geratu ez bada, nire aburuz Azkue Fundazioa guztiz beharrezkoa dela eta egindako lana ez dela gutxi, baina beste bide batzuk jorratu beharko lituzkeela ere. Baina bere sorrera ideia eta proiektu aparta iruditu zitzaidan.

Euskaltzale 2.0

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago