Sustatu logoa Teknologia albisteak

Oteizaren eskultura bat merkatalgune baten barruan sartzeko asmoa

Josu Mendicute
2010-12-08 12:12

Jorge Oteiza eskultoreak Txopitea ta Pakea obra egin zuen Daniel Txopitea artista eibartarraren omenez. Txopitea hil eta urtebetera jarri zuten eskultura, Oteizak propio aukeratutako tokian: Txopitearen etxearekin eta tailerrarekin ekidistantzia zuen puntuan. Merkatalgune bat egin nahi dute bertan, eta eskultura, agian, barruan sartuko dute.

Daniel Txopitea 1997an hil zen minbizi baten ondorioz, 46 urte zituela. Ermuan jaio, Eibarren hezi eta azken 20 urteak Zarautzen bizi izan zituen. Hil eta urtebetera, bere omenezko eskultura jarri zuten Eibarren, Oteizak horretarako propio aukeratutako tokian: Eibarko Merkatu Plazaren ondoan, Txopitearen etxea eta tailerra egon ziren tokiak elkartzen zituen puntuan.


tag txopiteatapakeanon map

Oteizak egindako eskultura urdinaren ezaugarri berezia da, ustez, eguraldiaren arabera kolorearen tonalitatea aldatzen zaiola. Baina funtzio hori ez zuen betetzen aspaldian, margoz eta zikinkeriz beteta baitzegoen.

Eibarko Merkatu Plazaren alboan, kalea baino pisu bat gorago zegoen parke txiki-txiki batean, hor zegoen Oteizaren eskultura, Coliseo antzoki berriztu berriaren aurrean.


Argazkiak.org | Txopitea eta Pakea © cc-by-sa: josu

Urte askoan itxita egon ondoren 2007ko martxoan ireki zuten berriro ere Coliseo antzokia Eibarren. Hortik bi hilabetera, 2007ko maiatzean, Eibarko Udalak Merkatu Plazaren lursorua saldu zion enpresa bati, bertan merkatalgune bat eraiki zezan.

Oteizaren eskultura handik kendu eta Merkatu Plaza bota zuten merkatalgunea egiteko, eta eskultura nora eraman planteatzen hasi ziren orduan Eibarko Udalean. Inguruko kale batera eramatea pentsatu zuten, baina Oteizaren familiari ez zitzaion gustatu tokiz aldatzeko planteamendua. Izan ere, azaldu dudan bezala, lekuaren aukeraketak garrantzia berezia izan zuelako Oteizarentzat.

Horren aurrean zer, eta eskultura merkatalgunearen barruan sartzea planteatu zuen Udalak.

Legez kanpokoa bertan eraikitzea

Eibarko Hirigintza Plan Nagusiak merkatalgune hori egiteko eraikitzea debekatzen duen 830 m2-ko gune bat uzten du, eta hain zuzen ere gune horretan zegoen Oteizaren eskultura, bertatik kendu zuten arte. Hemen ikusten da Hirigintza Plan Nagusiaren arabera merkatalgunea egiteko planoa, eta Oteizaren eskultura zegoen tokian nola utzi beharko luketen eraiki gabeko parkea:


Argazkiak.org | Txopitearen eskultura eta PGOU © cc-by-sa: josu

Horren ordez, parke hori ere okupatuko zuen merkatalgunea egin nahi zuen Eibarko Udalak, Eibar SPV Boulevard izeneko enpresa batekin, baina proiektua bertan behera geratu zen iaz eta oraindik ez dute publikoki argitu zer gertatuko den, baina 2007an onartutakoa bezalako merkatalgunea egin ezkero, barrura sartu beharko dute Oteizaren eskultura.


Argazkiak.org | Non sartu Txopitearen eskultura? © cc-by-sa: josu

Bizilagunak parkearen alde

Inguruko auzokideek plataforma bat sortu genuen eta blog bat daukagu gure kezka eta desadostasunak plazaratzeko. Parke bat egindu zuen Udalak, eta parkearen alde egiten dugu herritarrok. Hala egiten badute, toki aproposa egongo da Oteizaren eskulturarentzat.


Tolosako karparen integrazioa salagarria izan daiteke, baina egun batzuetarako zerbait da. Eibarkoaren kasuan orain erabakiko dugu datozen belaunaldiek nola ikusiko duten arte-lan hau.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu