Teknologia albisteak

Gabi Basañezen askatasuna aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute igandean Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia
Politika "Gabi etxean nahi dugu. Errepresio gehiagorik ez!" herri ekimena
2010-11-25 : 17:11

"Gabi etxean nahi dugu. Errepresio gehiagorik ez!" lelopean, datorren iganderako, azaroak 28, manifestazioa deitu dute Sopelan dozenaka eragile eta herritarrek. Martxa 13:00etan abiatuko da, Sopelako udaletxeko plazatik.

"Gabi etxean nahi dugu. Errepresio gehiagorik ez!" lelopean, datorren iganderako, azaroak 28, manifestazioa deitu dute Sopelan dozenaka eragile eta herritarrek. Horren bitartez, Askapenaren aurkako sarekadan atxilotu zuten Gabi Basañezen askatasuna aldarrikatu eta "eskubide guztien urraketarekin amaitzea" eskatu gura dute, "Euskal Herrian benetako demokrazia eta bakea lortzeko bide berriak" zabaltzen ari diren garai honetan. Adierazi dutenez, "Gabik, Sopelan eta Euskal Herrian, euskararen alde lan egin du, internazionalismoaren alde ekimen publikoak eta erabat demokratikoak burutu ditu. Gabik gure itsasoko olatuekin gozatu egin du. Gabik gure jaietan beti bere ekarpen alaia eskaini digu, bai Olentzaroa prestatzen, bai herriko jaietan bere soinuari eragiten edota ikastolako aita bezala bere neurriko ekarpena egiten". Hori guztia delitua ez dela eta hori egiteagatik ezin dutela espetxeratu aldarrikatu dute. Horrenbestez, igandeko manifestazioa 13:00etan abiatuko da, Sopelako udaletxeko plazatik.

Gaur zortziko manifestazioa abiatutako dinamikaren hurrengo pausua baino ez da. Sopelako hainbat gizon-emakumeek sortutako herri ekimenak asteak daramatza martxarako atxikimenduak biltzen. Gabi Basañez algortarra izan arren, ez dira gutxi euskalgintzan, kulturgintzan eta bestelakoetan sopeloztarrekin izandako hartu-emanak. Hartara, bera askatzea zein errepresioarekin amaitzea eskatzeko, atxikimenduak biltzen hasi ziren Sopelako (eta eskualdeko) herritarren, kolektiboen, elkarteen eta alderdi politikoen artean. Horretaz gain, hilaren 25eko udal osoko bilkurarako mozioa aurkeztuko dute, Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Berdeak eta ezker abertzalearen babesarekin. Manifestaziorako, berriz, aipatu eragileak kenduta, ondokoek eman dute atxikimendua: Aitxu! euskara elkartea, Koska irratia, Ukberri.net Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitala, Hau Pittu Hau konpartsa, Abante konpartsa, Plaza Beltza kultur gunea, Gazte Asanblada Sopeloztarra, bertsolariak, surflariak, Uribe Kostako AEKko irakasleak, Gabiren lagunak eta 300 herritar baino gehiago.

Alcalan daukate

Irailaren 28an goizaldean Espainiako Polizia Nazionalak Askapenaren aurkako sarekadan 7 lagun atxilotu zituen, horien artean Gabi Basañez. Inkomunikazioa pairatu ondoren urriaren 1ean Espainiako Audientzia Nazionaleko Ruz epaileak danak jaso eta erakunde terroristako kide izatearen akusaziopean Gabi bera, Walter Wendelin, Haritz Ganboa, Unai Vazquez eta David Soto kartzelatu zituen. Egun Alcalako (Madril) espetxean daukate Gabi Basañez, Uribe Kosta eskualdetik 400 kilometro baino gehiagotara.

Erantzun

Sartu