Teknologia albisteak

Urgentziaz hizkuntza-politika eragingarria indarrean jarri behar dela aldarrikatu du Kontseiluko zuzendaritzak

Erabiltzailearen aurpegia
Kontseilua
2010-11-20 : 09:11

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, iazko ikasturtean indarrean izan diren hizkuntza-politikak aztertu ditu. Heldu den astean aurrera begira jartzeko asmoarekin jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak eta bertan egoeraren azterketa sakona egingo badu ere, bereziki azken garaian gertatutakoen inguruko azterketaren berri eman zuen osteguneko agerraldian. Kontseiluko zuzendaritzak, idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera, egin du agerraldia Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Bide batez, azaroaren 24an eta 25ean, Iruñeko Planetariumean Euskararen unibertsoak pauso bat harago goiburupean antolatutako jardunaldietan parte hartzeko deia luzatu dute.

“Etorkizunari begiratzeko, ezinbestekoa da oraina eta iragana behar bezala aztertzea. Lan hori, sakon egin du Kontseiluak eta jardunaldietan emango badu argitara ere, egoki iruditu zaigu joan den ikasturtean jazotakoen inguruan irakurketa egitea. Hori da, hain zuzen ere prentsaurreko honetan egingo duguna”, azaldu du idazkari nagusiak.

Arlo desberdinetan euskalduntze-prozesuaren inguruan egindakoak aztertu ditu Kontseiluak eta ondorio argi bat atera du hortik: “hizkuntza-politika eragingarria abian jarri behar da”, azaldu du Bilbaok. Administrazioen arabera, bai eta sailen arabera ere, egoera desberdinak ematen badira ere, ondorio orokorrak eta hauei aurre egiteko proposamen zehatzak eman ditu ezagutzera Kontseiluko idazkari nagusiak agerraldian.

“Hizkuntzaren estatusa ez da egokia hizkuntza normalizatzeko eta aldatzen ez den bitartean, euskara gutxitua izango da. Kasu askotan plangintzarik ez dago eta daudenean ez da segimendurik egiten. Hizkuntza-eskubideak bermatzeko araubidea baztertu egiten da sistematikoki. Hizkuntza-politikaren ezaugarri asistentzialak dira ardatza gaur egun indarrean dauden hiru politiketan, arau bidezko konponbideak saihestuz”, Bilbaok azaldu duenez.

Instituzioen arteko deskoordinazio handia dagoela azaldu du, baita sailen artean eta sektoreen artean ere. “Hezkuntza Sistemak ez du lortzen belaunaldi berriak osorik euskalduntzea nahiz eta hori lortzeko teknikoki nola egiten den zalantzarik ez egon profesionalen artean. Hizkuntza-politikak dituen baliabideak ez dira nahikoak eta krisiaren aitzakiaz murriztu egin dira. Hizkuntza-politiken planifikazioak huts egiten du ez baitira definitzen argi helburuak eta epeak. Gainera, ez dago ebaluazio sistema zorrotz eta independenterik. Hizkuntza-politika desberdinak aplikatzen dira hizkuntza-komunitatea zatiturik dagoelako administratiboki. Horren eraginez hizkuntza-komunitatearen berezko bizi-indarra ahuldu egiten da” esan du Paul Bilbaok.

Kontseiluko idazkari nagusiak gogorarazi duenez, gauzak horrela eta daramagun erritmoan 200 eta 800 urte artean beharko dugula euskararen ezagutzaren unibertsalizaziora iristeko. Edo bestela esanda, ez dago euskara normalizatzerik erritmo honi segituz eta ondorioz, epe eta helburu zehatzak dituen hizkuntza-politika eragingarria jarri behar da abian.

Horretarako, jadanik, neurri batzuk aplikatzea aldarrikatu du Kontseiluko zuzendaritzak agerraldian. Lehenik eta behin, urgentzia handiz hizkuntza-politika berri eragingarria abian jartzea. Ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen Hezkuntza Sistemaren erreforma berehalakoan, luzamendurik gabe, egitea. Hirugarren neurri bezala, administrazioaren euskalduntzea eragozten duten neurriak kentzea, hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoarekin bukatzeko. Bestetik, euskarari dagokion estatusa emateko beharrezko aldaketa legalak egiten hastea. Alor sozioekonomikoan euskararen erabilera ahalbidetuko duten espazioak euskalduntzea hizkuntza-politikaren ardatz bihurtuz. Diru-baliabideak nabarmen handitzea. Hedabideetan euskararen presentzia areagotzeko neurri zehatz eta eragingarriak hartzea. Eta azkenik, helduen euskalduntzearen izaera estrategikoa onartu, horren arabera jokatu eta doakotasuna bermatzea.

Deia ere luzatu dute, “dei egin nahi diegu herritarrei euskaraz bizitzeko, ez dakienak ikasiz eta dakienak etengabe erabiliz eta erabili ezintasunari aurre eginez salaketaren bitartez. Gizarte eragileei ere dei egin nahi diegu, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan eta produktuetan euskararen presentzia bermatzeko eta barne harremanak euskalduntzeko plangintza eraginkorrak abiatzeko eta azkenik, Administrazio desberdinei, mota guztietako instituzioei eta horiek zuzentzen dituzten alderdi politikoei hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko euskara ahalik eta eperik laburrenean normalizatzeko”, azaldu du Paul Bilbaok.

Erantzun

Sartu