Teknologia albisteak

Korrikak 12 euro emango duten laguntzaileak eskatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Korrika 17
2010-11-20 : 08:11

Korrikaren antolatzaileek bi urtean behin 12 euro emango duen "Korrika Laguntzaile" figura aurkeztu dute. Horrez gain, Korrikako materiala salgai dago jadanik AEK-ko euskaltegietan eta Euskal Herri osoko hainbat dendatan.

Korrikak eta AEK-k Korrika Laguntzailea kanpaina aurkeztu zuten asteazken goizean Donostian egin zuten prentsaurrekoan. Ekitaldian AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek, AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikak, eta Korrikaren arduradun Edurne Brouardek hartu dute parte.

Edurne Brouardek adierazi duenez “Korrika laguntzeko modu asko dago, baina guk, gaur, bereziki bi nabarmendu nahi ditugu, batetik jada martxan jarri ditugulako, eta bestetik guretzako oso garrantzitsuak direlako, batetik Korrika Laguntzailea kanpaina, eta bestetik Korrika materiala”.

Korrikak, 1980an sortu zenean, euskararen aldeko sekula egin zen manifestaldirik erraldoiena egiteaz gain, AEKrentzat diru kopuru handia ahalik eta epe laburrenean lortzea zuen xede, orduko AEKren egoera ekonomikoa AEKren beraren jardun arrunta ere kolokan jartzerainokoa baitzen. Horrela burutu zen lehenengo Korrika, “itzeleko arrakastaz burutu ere”, Brouardek azaldu duenez; eta AEK-k bere buruari egoeraren arabera Korrika bakoitzari ezarri dizkion helburu ekonomikoak aipatu ditu, “barnetegi proiektua martxan jartzea, eraikin berriak egitea, nazio mailako estrukturak eratzea, herrialderen bati laguntza berezia eman ahal izatea, edo proiektu bereziak antolatzea, adibidez”.

Baina, Korrikaren arduradunak azaldu duenez, lehen Korrika hartatik 30 urte baino gehiago pasatu diren arren, AEK-k, oraindik ere, herritarren laguntza behar du bere proiektua aurrera atera ahal izateko, Euskal Erkidego Autonomoan diru laguntza politika hobetu bada ere Nafarroan eta Iparraldean jasotzen diren diru laguntzek ez dutelako jardun arruntaren, hau da, eskolen, ehuneko txiki bat baino estaltzen. Eta gainera, EAEn ere diru laguntzen politikan aurrera pausoak baino atzera pausoak ez ote diren emango zalantza dauka AEK-k, Brouardek aipatu duenez, “dekretuaren ingurukoek, izandako elkarrizketa urriek eta erantzun eznahikoek zer pentsatua ematen digutelako”.

AEKren proiektuaren ardatzetako bat euskal eremu osoan aritzea da. Baina, horrez gain, badaude AEKn hamaika egiteko ezin direnak diru laguntza publikoen bidez bete ez dutelako hainbesterako ematen: matrikulazio prezioak mantendu edo jaistea AEKren doakotasunaren aldeko aldarriaren bidetik, esaterako. “Horregatik guztiagatik, AEK-k Korrikak bi urterik behin ekartzen dion diru kopurua ezinbesteko duela kontuan harturik, jarri genuen abian orain hiru Korrika, Korrika Laguntzailea kanpaina, Korrika bera antolatu ahal izateko balio izan zuena”, esan du Korrikaren arduradunak.

AEKren eta Korrikaren bokazioa bi urterik behin herriak hain esku zabal eskaintzen ematen dion laguntza hori “bueltatzen” saiatzea da, horregatik, laguntzaile egiten diren guztiei Korrika Laguntzaile pin-a eta Euskal Herriko 100 komertzio baino gehiagotan beherapenak ahalbidetzen dituen txartela emango die. Edurne Brouarden hitzetan, “gure esker ona adierazteko modu xume bat baino ez da, baina bene-benetan garrantzitsua dena zera da, bi urterik behin, 12 euroren truke, 50 zentimo hilean, KORRIKA LAGUNTZAILEA izango zarena eta horrek arestian aipatutako guztia lortze bidean jarriko gaituela denok”.

Kalean da 17. Korrikaren materiala

Ohi duen bezala, Korrikak 17. ediziorako propio sortu duen arropa eta bestelako osagarriak sortu ditu. Durangoko Azokan denda jarriko du eta Euskal Herriko jai eta azoketan saltzeaz gain, Euskal Herriko hainbat dendatan eta AEKren euskaltegietan egongo da salgai.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago