Teknologia albisteak

Arantxa Urretabizkaiaren "3 Mariak" nobela aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Erein Argitaletxea
2010-11-19 : 08:11

Arantxa Urretabizkaiak atzo aurkeztu zuen "3 Mariak" bere nobela berria. 80 urte inguruko bi protagonistei hamabost hilabetean gertatutakoa kontatzen du liburuak.

Atzo aurkeztu zuen Erein argitaletxeak Arantza Urretabizkaiaren nobela berria, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Arantxaren eleberririk autografikoena da 3 Mariak. Bertan, bi protagonistei hamabost hilabetetan gertatutakoa kontatzen da. Bereizkuntzarik nagusiena, seguru aski, protagonisten adina da, laurogei urte inguru dute nobelaren hasieran. Zaharrak dira eta hitz hori erabiltzen dute beraien artean, leungarririk gabe, ez hirugarren adin ez ezer. Nobela honetan gutxienez zortzi urtetako aldizkako lana dago, ogibideak eta bizitza pertsonalak utzitako tarteetan egina baita.

Kontrazala:

Kalera irten, egunero irteten ginen, are alargundu osteko neguan eta udaberri euritsu hartan. Gorrik buru belarri sinesten du onuragarria dela kalera irtetea, onuragarri ibiltzea eta, era berea, jendea ikustea, gure etxean egunero bisitaren bat bagenuen ere. Hori bai, protesta egiten zuen euria zen bakoitzean. Gero esango dute adinarekin itzali egiten direla grinak, ahuldu. Normalean, jendeak zahartzaroari buruz hitz egiten duenean, berari gertatzen zaiona orokortzen du edo, bestela, jaiotza agiriak bizitza osoa gobernatu behar balu bezala jarduten du. Zaharregia zara bizitza berri bati ekiteko, esan zidan semeak eta gorrotoa gorde zalea ez banaiz ere, ez dut oraindik esaldia ahaztu. Esan dezaket, nire kasuan, gaztetan nituen grina eskasak itzali egin direla eta hori, niretzat, zahartzaroaren abantailetako bat da. Gorri, ordea, esango nuke, zenbat eta zaharrago, orduan eta grinatsuago dela edo hori esaten dit, behintzat, berez gezurtia den memoriak.

Erantzun

Sartu