Teknologia albisteak
1

Umap TopNews: albistegi automatikoa, euskarazko hedabide berri bat

Erabiltzailearen aurpegia
CodeSyntax
2010-11-17 : 17:11

Duela hiru aste jarri genuen martxan Umap, euskarazko Twitterreko jardun guztiaren batzailea, baina gaur aurkeztu dugu prentsaurrean, eta ekitalditxo batean Umap sortu duen enpresan, CodeSyntax-en. Aurkezpenerako, berritasunarekin agertu da Umap: TopNews izeneko albistegi bat. Albiste-selekzio automatikoa, euskaldunek Twitterren trukatutako estekak zenbatuta robotak osatutako egunkari moduko bat, kazetaririk gabeko hedabide berria.

Albistegi automatiko hau tuiterlari euskaldunek partekaturiko esteketan oinarritzen da. Errepikatuenak, eta denboran freskoenak direnak, konbinatzen dira formula batean garrantzi ordena erabakitzeko. Kalkulua hamar minutuero egiten da. Izenburua eta eduki pixka bat erakusten dugu (bideoa dela harrapatzeko gauza garenean haren jogailua adibidez), eta horrekin batera, tuiterlarien iruzkinak.


Argazkiak.org | Umap TopNews euskaraz © cc-by-sa: codesyntax

Zure webgunea agertzen bada, baina izenburua edo eduki puska hori ez bada egoki ikusten, jarri kontaktuan geurekin @UmapEU kontuaren bitartez Twitterren.

Emaitza interesgarria delakoan gaude. Sare sozial gisa aurkezten zaigun arren, Twitter informazio kanal bat da nagusiki. Bertan kontua sortuta, filtro sozial pertsonal baten bidez funtzionatzen duen hedabide pertsonalizatu baten tankera hartzen du Twitterrek. Umap ez da filtro pertsonala; komunitate mailako filtroa da, kasu honetan hizkuntza-komunitate oso bat, euskararen munduarena. Eta komunitate horren albistegia da hemen ikusten dena. Lagin txiki batek osatua, 1.200 lagun bakarrik, baina apurka apurka gehiago izango dira.

Aprobak egiten ari gara, Beta fasean, esan ohi den bezala. Okerrak gertatzen badira, barkatu arren. Izatez, katalanezko Umap.cat webgunean ireki genuen albistegi eredu hau lehenago, duela 10 egun, eta esan daiteke han hobeto dabilela euskaraz baino. Zergatik? 4.500 tuiterlari katalan jarraitzen ditugulako (gainera, gehiago jarduten dute katalanez euskaldunok euskaraz baino), eta mezu eta esteka gehiagorekin, agregaziotik irteten den emaitza interesgarriagoa da. Askotan kexu gara esaten "Interneten, informazio gehiegi, anabasa da hori!", baina, egiazki, informazio anabasa zuzentzeko modua informazio gehiago pilatzea, eta hortik analisia egitea da. Horrexegatik, 1.200 euskaldunekin, doi-doi interesa duen albistegi bat da Umap TopNews orain; baina gehiago garenean, are interesgarriagoa bihurtuko da.

Katalanezko albistegia baino beranduago etorri arren, Umap.cat-en jarri ez genituen gehikuntza parearekin dator Umap euskarazkoa, nahiz eta oraindik probazkoak diren, ez daude %100ean doituta:

  • RSS jarioak: bi, bata Top-topera iristen diren albisteentzat; bestea albistegian sartzen diren guztientzat.
  • Artxibo bat, non gordeko diren egunez egun, zein izan diren albisterik interesgarrienak tuiterlari euskaldunen arabera.

Berritasun hauek txukunduko ditugu hurrengo orduetan, eta jarraian, Umap sendotzeari ekingo diogu, aukera berriekin irekitako webguneetan, eta beste proiektu batzuetan ere bai.

Erantzunak

GAZTEZULO aldizkaria
2010-11-18 : 19:36

GAZTEZULOren aldetik zorionak lan bikain honengatik. Benetan eskertzekoak dira halakoak!

Animo, zorionak eta segi lanean.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago