Sustatu logoa Teknologia albisteak

Software askea eta protokolo estandarrak administrazio publikoan

Pedro Arreitunandia
2010-11-16 09:11

Hemen bertan asko hitz egin izan dugu administrazio publikoek askotan software soluzio pribatibora jotzen dutela, eta oso komenigarria litzatekeela hainbat arrazoiengatik joera hori aldatu eta software libreko soluzioak ezartzen hastea. Denok dakigu aurreko gobernuek gai honi buruz izan zuten joera, eta denok dakigu ere orain dugun gobernuak politika hauek aldatzeko asmoa duela esaten duela. Batzuentzako ematen ari diren pausoak ez dira nahikoak izango, beste batzuek ordea bide onean ikusten dute eta pazientzia eskatzen dute. Baina gero, aplikazio berri-berriekin, hau ikusten dugu:

Gaurkoan ez naiz sartuko administrazio publikoak erosten dituen edo erosten ez dituen lizentzia pribatiboekin, gaurkoan azalera ekarri nahiko nuke administrazio publikoak berarentzat behar dituen tresnak garatzerakoan, zein punturarte izaten duen kontutan software askea eta aplikazio/zerbitzu horien erabiltzaile izango direnen eskubideak, eta hezkuntza sistemako bi adibide konkretu azalera ekarri nahi ditut.

Posta sistema berritua

Aurtengo apirilean hezkuntzak posta sisteman aldaketak egin zituen eta horren ondorioz, ezinezkoa da protokolo estandarrak erabiliaz ikastetxeetako posta buzoiak irakurtzea (@irakasle.net eta @hezkuntza.net dominioak). Gai honi buruz ere aritu dira parlamentuan (bat eta bi )

Aralar-etik egindako galderei zera esanaz erantzuten zaie, posible dela thunderbird moduko aplikazio libreak erabiliz hezkuntzako posta irakurtzea, baina ikastetxeetako posta zerrendetan oraindik ere ezinezkotzat jotzen dugu aukera hau. Egin ditugun saiakera guztiak huts egin dute, eta inork ez digu esan nola konfiguratu behar ditugun posta bezeroak OWA erabili gabe. Hau azken finean, gobernutik posible jotzen duten aukera da.

Kudeaketa akademikorako web aplikazio berria

Orain arte urteetan hezkuntza sailak ikastetxeen eskura jarri izan ditu hainbat web aplikazio gai ezberdinak kudeatzeko: inbentarioa, irakasleen ordutegiak, eta abar.

Aplikazio hauek beti derrigortu izan dute Internet Explorer nabigatzailearen erabilpena, beste edozein nabigatzaile erabiliz ez zuen funtzionatzen.

Orain aplikazio hauek aldatzen ari dira, eta aplikazioen atalean sartzen bagara bi sarrera ikus ditzakegu:

  • Gainerako aplikazioak (orain arte izan direnak)
  • Hurrengo aplikazioetan soilik (zerbitzu eta aplikazio berriak)

Bigarren aukeran azken urtean garatu diren aplikazio berriak daude, etorkizuneko beste urte mordoxka baten erabili beharko direnak.

Behar den erabiltzailearekin sartu, eta hasierako begirada batean dirudi gauza moderno bat izango dela, azpitik ez dira taulak eta horrelakoak ikusten, div eta xhtml modernoa erabiltzen ari dira.

Hau ikusirik, pentsatzen duzu ondo egina egongo dela, eta estandarrak betetzen dituzten nabigatzaileekin erabili ahal izango dela.

Baina ez, oraingoan ere IExplorer erabiltzea derrigortzen dute . Edozeinek suposatuko luke gaur egun honelakoak ezin direla egin, batez ere software librearen apustua egiten duen administrazio batetik, baina badirudi hau behin eta berriro ikusi dugun pelikula aspergarria dela, eta Windows + Internet Explorer derrigorrez betirako izan beharko dugula, beste aukerarik gabe.

Ondoren ikusten duzuen irudian (hemen handi) argi eta garbi ikus dezakegu arazoa zein den.


Argazkiak.org | Explorer beharrezko EAEko Hezkuntzan © cc-by-sa: sustatu

  • Goian: La aplicación necesita para su funcionamiento las siguientes características: Software básico: IExplorer7
  • Behean: Esta aplicación está optimizada para Internet Explorer 7 y para una resolución de 1024x768 pixels

Pentsatzen dut (edo pentsatu nahiko nuke) azaldu ditudan adibide hauetan, atzetik ez dagoela "erabaki politiko" bat, pentsatzen dut lehendik datozen joerak direla, eta inork aldatu ezean, horrela jarraituko dutela.

Eskaera

Zorionez gaur egun SALE daukagu, Software Askea eta Librea Euskadin sustatzeko helburuarekin. Ba aukera hau aprobetxatu nahiko nuke, SALE-ri bi gai hauek mahai gainera ekarri eta soluzio bat aurkitzen laguntza eskatzeko.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu