Teknologia albisteak

Martxan da Elhuyar Fundazioaren Teknoskopioa proiektu-lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2010-11-16 : 16:11

Urtero legez, Elhuyar Fundazioak Teknoskopioa lehiaketa abiarazi du, Zientziaren Astean hain justu ere. Gazteei zuzendutako lehiaketa hau guztiz berrituta datorkigu aurten: ideia-lehiaketa zen lehen; orain, berriz, proiektu-lehiaketa. Lehiaketa irabazten dutenek ordenagailu ultraeramangarri bat eta astebeteko egonaldia Tecnalia korporazioko zentro teknologiko batean jasoko dute saritzat.

DBHko 2. zikloko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ziklo ertaineko eta goi-zikloko ikasleek har dezakete parte Teknoskopioan, gehienez hiru laguneko taldeetan antolatuta. Teknoskopioaren helburua da gazteak ikerketan eta ikertzaileen jardueran murgiltzea, eta ikerketa edo proiektu teknologiko bat antolaraztea. Beraz, proiektu baten prozesu osoan hartuko dute parte gazteek: ideia sortu, prozedura diseinatu, pausoz pauso hura gauzatu, eta ondorioak atera. Bi modalitatetan har dezakete parte: Ikerketa proiektuan edo Proiektu teknologikoan. Ikerketa-proiektua modalitatean, aukeratutako arazoari konponbidea emateko ikerketa-lan bat garatu behar dute gazteek; Proiketu teknologikoa modalitatean, berriz, aukeratutako arazoari konponbidea emateko produktu teknologiko bat diseinatu behar dute.

Sariak

Hauek dira sariak: Batxilergo edo Lanbide Heziketako ziklo ertaineko talde irabazleetako kideek egonaldia egingo dute Tecnalia korporazioan, eta ordenagailu ultraeramangarri bana jasoko dute; Lanbide Heziketako goi-zikloko talde irabazleko kideek ere egonaldia egingo dute Tecnalia korporazioan, eta ordenagailu ultraeramangarri bana jasoko dute * DBHko talde irabazleko kideek ordenagailu ultraeramangarri bana eta Elhuyarren produktu-sorta bana jasoko dituzte.

Proiektuak garatzeaz gain, haiek gizarteari komunikatzeko gaitasuna ere izan behar dute ikasleek; horregatik, komunikazio-lan onenek ere saria izango dute kategoria guztietan: iPod bana eta Elhuyarren produktu sorta bana jasoko dute hobekien komunikatzen diren taldeek.

Teknoskopioan izena emateko epea zabalik da jada, "Teknoskopioaren webgunean": http://teknoskopioa.elhuyar.org. Lehiaketari buruzko oinarriak ere webgune horretan bertan dituzue.

Erantzun

Sartu