Teknologia albisteak
2

Argazkien erabilpenaz adostasuna lortu dugu Gara-rekin

Erabiltzailearen aurpegia
UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalaren erredakzio kideak
2010-11-11 : 13:11

Herenegun, asteartean, gutun publikoa idatzi genion "Gara" egunkariari, gure argazkiak egile aitortzarik gabe erabiltzeagatik kritikatuz. Atzo, berriz, Josu Juaristi "Gara"ko zuzendariak deitu eta izandako bi akats "ez kontzienteengatik" barkamena eskatu zigun. Juaristik esan digunaren arabera, "Gara"ko erredaktoreei egunero hainbat eta hainbat argazki heltzen zaie herrietatik eta askotan bidaltzen dutenak ez dira argazki horien egileak. Hori dela eta, lizentzia eta egile eskubideak ez urratzeko zirkularra zabaldu zuten bere garaian baina beti ez dute izaten irudiak kontrastatzeko aukera eta denbora, eta noizbait hutsuneak izan dira.


Argazkiak ordaintzea ere eskaini du "Gara"ren zuzendariak, baina UKBERRI.NETetik ez dugu eskaintza onartu, gure filosofia oso bestelakoa baita eta gure argazkiak, testuak bezala, askeak baitira.

Hori dela eta, berretsi diogu gure argazkiak libreki erabiltzeko aukera, beti ere dagokien sinaduraz lagunduta. Juaristik hitza hartu eta berea ere eman digu, sinatu gabeko argazkiak errepika ez daitezen arreta gehiago jarriko dutela esanik.

Azkenik, kontu bakar batean ez gara jarri ados "Gara" eta UKBERRI.NET. Haien ustez, ez zen beharrezkoa kontu hau publikoa egitea. Bidalitako posta elektronikoak erantzun ez izana, egunero jasotzen dituzten ehunaka mezuengatik arrazoitu dute, eta arazoa telefonoz konpon zitekeelakoan daude.

Dena den, emandako hitza "Gara" egunkariari eta bere langileei publikoki eskertu nahi diegu. Bereziki, Josu Juaristiri eskerrak ematen dizkiogu, pertsonalki afera honetan eskua hartu izateagatik.

UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalaren erredakzio kideak

Erantzunak

Xabier Eskisabel
2010-11-11 : 14:30

Nire argazkiak publikoki CC-BY-SA baimenpean ezagutarazten hasi naizenetik sarritan gertatu izan zait: Nire argazkia auskalo nork erabili ta aipamen xume bat egin ez.



Adibideak hamaika.







Txopi
2010-11-13 : 01:54

Xabier, ¿Nola dakizu zure argazkiak aipamenik gabe erabiltzearen arrazoia lizentzia motagatik dela? ¿Ez da izango besterik gabe Interneten eskuragarri daudela eta jendeak hartu egiten dituela? ¿Lizentziarik jarriko ez bazenu edo ohiko copyright lizentzia jarriko bazenu ez zen berdina gertatuko?



Nik ezagutzen ditut CC lizentzia bat jarri eta errespetatu ez diren kasuak, baina baita copyright arrunta izanda ere kopiatu ez direnak ere. Ez hori bakarrik, gaur egun, copyright arruntarekin argitaratuta dauden edukiak oraindik askoz ugariagoak direnez, copyright edukien ez errespetatzea askoz gehiagotan gertatzen delakoan nago.



Kontutan izan behar da, norbaitek artikulu baterako argazki bat behar badu eta Internetera bila badoa, copyright lizentzia badauka, ezingo du egiletasuna aitortu (egilearekin kontaktatzeko denborarik ez duelako, dirurik ordaindu nahi ez duelako...) eta plagioa egin beharko du. Baina aurkeratzen duen argazkiak CC BY-SA lizentzia badu, arazorik gabe erabili ahalko du (egilea eta lizentzia aipatzea besterik ez du).



Beraz, nire ustez, kopia egiten duenak CC zer den ez badaki, berdin-berdin izango dio argazkiak zein lizentzia duen (bost axola CC hori zer den). Eta CC zer den dakienak berriz, zurea bezalako lizentzia dituzten argazkiak erabili eta era egokian aipatzea nahiago izango du. Horrela egin ezean, copyright lizentziadun argazki bat aukeratu eta bere baldintzak bete izango ez balitu bezalako okerra egingo bait zukeela jakingo bait du. Ez duzu uste?

Erantzun

Sartu