Teknologia albisteak
5

Motxo arrantzontziaren istripua Zumaia eta Deba arteko biotopo babestuan

Erabiltzailearen aurpegia
Baleike
2010-11-05 : 11:11

Bermeoko Motxo arrantzontziak istripua izan du gaur goizaldean. Zumaia eta Deba arteko harraldean hondoa jo eta helikopteroz atera behar izan dute eskifaia. Arrantzontzia itsasoratzen saiatu diren arren, ez dute lortu. 15 tona erregai ditu depositoan.

Motxo arrantzontziaren istripua

Ez dirudi erraza izango denik Motxo arrantzontzia harraldetik ateratzea. Itsasgorarekin batera, olatuek gorago ekarri dute, labarraren pareraino ia. Baratzazarraurreko paraje horretan sakonera gutxi du itsasoak itsasgoran ere, eta brankada zorrotzek aise zula dezakete ontziaren kroskoa. Motxo itsasorantz ateratzeko agindua zuten han bildutako lau erreskate ontziek, baina gerturatzeko aukerarik ere ez dute izan. Badirudi bihar itsasoa bareago egongo dela, eta itsasgora baino laupabost ordu lehenago hasiko omen dira lanean.

Arrantzontzia ateratzeko modurik ez badago, depositoan gordeta dituen 15 tona erregai ateratzea izango da lehentasuna. Eta haitzetan kateaturik gelditu den sarea kentzea. "Sare hori tranpa bat da horko bizidunentzat eta baita motorzaleentzat ere", adierazi dute Aldundiko iturriek. Istripuaren nondik norakoak ikertuko dituztela agindu du Aldundiak. "Ikusi beharko da legearen barruan ari ote ziren, zergatik gertatu den istripua...". Sarea haitzetan bola zabaldu den ikusita, nahikoa begi bistakoa dirudi arrantzan ari zirela, sareak botata zituztela. Sarea jasotzeko erabiltzen den egitura ere tolestuta dagoela ikus daiteke, pisuaren eraginez edo. Hala ere, ikerketak esango du benetan zer gertatu den gaur goizaldean.

baleike.com webgunean aurkituko dituzue istripuaren argazkiak eta informazio osatuagoa.

Erantzunak

leire narbaiza
2010-11-05 : 12:10

Istripu bat beti da disgustua, baina batzuetan oso argazki ederra lagatzen ditu. Baleiken web orrian ikusten direnak markoan sartu eta etxeko horman jartzeko modukoak dira. Ederrak!

Zumaiatik
2010-11-05 : 14:17

Labetik atera berriak, gaur goizeko argazkiak hemen


Artistaren izena: Gorka zabaleta.


Xaltsa
2010-11-05 : 15:12

Leirerekin konforme, niri argazki panoramiko hau gustatu zait gehien.


Bestalde, albiste honetan agertzen dena kezkagarria iruditzen zait. Hedabideak asko ari dira erreskateaz eta gasoilaz hizketan, baina zertan zebilen ontzi sareak botata babestutako eremu horretan? Hainbeste biotopo eta geoparke eta gero dena libre?


Baleike
2010-11-05 : 15:32

Azken orduko berria: ontzia irauli egin da!



Esandako ordua baino lehen saiatu dira arrantzontzia itsasorantz ateratzen eta soka eten egin da. Ondorioz, Motxo irauli egin da.



Itxura denez, arrantzontzia branka aldetik lotuta zeukan atoiontziak, eta tiraka hasi denean ontzia biratu eta egin da eta soka eten.



Saiatuko gara arratsaldean baleike.com webgunean azalpen gehiago ematen eta ahal bada argazkiak erakusten ere bai.

baleike
2010-11-06 : 16:30

Gaurko goiza arrantzontzia aztertzen eta hustutzen eman dute. Harraldetik ateratzeko saiorik ez dute egingo. Teknikoek amore eman dute. Astelehenean bilduko omen dira ontzia bertan nola desegin erabakitzeko. Informazio gehiago eta gaur goizeko argazkiak baleike.com web gunean.


Erantzun

Sartu