Euskararen unibertsoak pauso bat harago egin dezan jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak
2010-11-07 11:11
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak jardunaldiak egingo ditu. Euskararen unibertsoak pauso bat harago goiburupean antolatutako jardunaldiak azaroaren 24an eta 25ean egingo dira Iruñeko Planetariumean. Euskararen normalizazioa eta euskalgintzaren norabidea izango dira aztergai bi egunetako jardunaldietan.
Jardunaldien leloak euskararen unibertsoari erreferentzia egitea ez da kasualitatea. Kontseiluaren sorrerak berak, Euskararen unibertsoa izeneko jardunaldiak izan zituen abiapuntu. Orduko hartan, euskalgintzan aritzen ziren lagunek kezka handia zuten euskararen normalizazioaren inguruan eta euskalgintza bera egituratzearen beharraren inguruan. Jardunaldi horien ondorioz sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, 1998. urtean. Bestetik, planetariumean egitea ere ez da kasualitatea izan. Izan ere, euskararen unibertso osoari begira jartzeko asmoa du Kontseiluak eta horretarako ez dago planetarium bat baino leku aproposagorik? Bestetik, pauso bat harago leloa erabili du Kontseiluak eta orain ere horri erreferentzia egin dio. Izan ere, Kontseiluaren ustez euskararen normalizazioan urte hauetan guztietan lan handia egin da. Hala ere, beste urrats bat egiteko beharra badago; pauso bat harago egiteko beharra, hain zuzen ere.
Jardunaldietara euskalgintzan lanean ari diren lagunak gonbidatu nahi ditu bereziki Kontseiluak. Izena emateko bi bide egongo dira: Kontseiluaren web gunea: www.kontseilua.org eta telefono zenbaki hau: +34 943591200. Izena emateko epea azaroaren 19ra bitarte egongo da zabalik.
Bestalde, teknologia berriei esker, nahi duenak zuzenean jarraitzeko aukera ere izango du. Honi buruzko azalpenak datozen egunotan emango ditu Kontseiluak.
Erantzunak kargatzen...